“Kanpoko espezieen monokultiboagaz jarraitzea erabaki anakronikoa da ”

Aitziber Basauri 2021ko uzt. 5a, 10:00

Durangaldeko Basoak ekimenaren atzean eskualdeko hainbat herritako lagunak daude. Eukeni Bastida da horietariko bat. "Inguruko egoerak sorturiko ezinegonak" bultzatuta ekin diote bideari, Bastidak azaldu duenez. Ekimenera batu gura dutenek durangaldekobasoak@gmail.com  helbidera idatzi dezakete.

Zein da Durangaldeko basoen gaur egungo argazkia?
Durangaldeko zuhaitzen %80 kanpoko espezieekin eginiko monokultiboa da eta horrek kalteak eragiten ditu. Lau pinu belaunaldi daramatzagu, eta lurra pobretzen dabil. Normalean, produktu kimikoak erabiltzen dituzte monokultibo horiek aurrera ateratzeko, 'ongarriak' deitzen dieten arren. Baina arbolak ahulduta hazten dira eta gaixotu egiten dira. Azkenengoz, 2018an, banda marroia onddoak gogor jo zuen eta horren aurrean produktu kimiko gehiago botatzen da. Zirkulu horretatik irten behar dugu.

Horren aurrean, kudeatzeko molde zaharrak baztertu eta berriak sustatu behar direla uste duzue?
Bai. Basoan esku hartu barik, inguruko lurretan haritza litzateke nagusi. Eta pinuagaz lez, irtenbide ekonomiko bat atera ahal izango litzateke, zainketa eta aukeraketa prozesu bat jarraitu ondoren. Oreka bat behar da, baso autoktonoak sustatuz eta industriara bideratutako lursailak uztartuz. Bertan egoteko leku atseginak  ere behar ditugu.

Iurretako Udalak Bizkaiko Aldundiari eskatuko dio udal jabetzakoak diren  lurretan baso autoktonoak berreskuratu ditzan. Mozio baten bitartez   eginiko eskaria onartu du udalbatzak. Zelan baloratzen duzue hori?
Oso positiboa da. Horrek esan gura du jabetu direla egoeraz. Kanpoko espezieen monokultiboagaz jarraitzea erabaki anakronikoa da. Beste udal batzuetan ere sartuko dugu mozioa.

Eukaliptoa geroago eta gehiago zabaltzen dabil eskualdean.
Bai. Dena dela, orain 100 bat urte Kaliforniatik (AEB) ekarritako Monterrei pinua dugu nagusi. Paisaia horretara ohitu gara, geure egin dugu. Ez dugu gura ondorengoei berdina gertatzerik eukaliptoagaz.

Zuen eskaria bat dator 2019ko klima larrialditik eratorritako ekintzekin.
Bai. Baso naturala CO2 biltegia da eta ezin liteke larrialdi egoera ezarri eta ezer ez egin. Ganorazko arboladiak tenperatura eta ziklo hidrikoak erregulatu, eta airea garbitzen du.

Birmoldaketa azkarra eskatu duzue.
Bai. Baso bat ez da egun batetik bestera sortzen. Gauden egoeran, epe ertainean onurak lortzeko, berehala hasi behar dugu martxan. Zer utzi gura dugun pentsatu eta erabakiak hartu behar dira. Naturak bere ziklo eta denborak ditu, baina 10-12 urtean beste inguru bat izan genezake.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!