Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapena jendaurrean jarri dute

Anboto 2021ko uzt. 1a, 17:00

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapena (HAPO) urriaren 8ra arte egongo da ikusgai, eta iurretarrek etorkizuneko Iurretaren diseinuan euren ekarpenak egiteko aukera izango dute parte hartze prozesu baten bitartez. Dokumentua Ibarretxe Kultur Etxean egongo da ikusgai uztailaren 5etik aurrera.

Interesa duten herritarrek, elkarteek eta erakundeek beren alternatibak eta iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte, urriaren 8ra bitartean. Eta HAPO idatzi dutenekin hitzorduak egin ahal izango dira, bai aurrez aurrekoak bai telematikoak, Iurretako etorkizuneko diseinuaren prozesuaren fase honetan sor daitezkeen iradokizunak, proposamenak edo zalantzak helarazteko.

Iurretako Udalak tailer tematikoa antolatuko du herritarrei HAPOren aurrerapena hurbiltzeko eta haien iradokizunak eta alternatibak biltzeko, Iñaki Totorikaguena alkateak ohar batean azaldu duenez. Herritarrentzako lehen hitzordua Ibarretxe Kultur Etxeko aretoan izango da, uztailaren 8an, 18:30etan. Plana idatzi dutenek prozesu horren gako nagusiak azalduko dituzte, baita jarraitu beharreko hurrengo urratsak ere, argitu dutenez. Denbora horretan, aukeren planoak eta dokumentuak herritarren eskura egongo dira Ibarretexe Kultur Etxean. 

“Hurrengo urteetan Iurretako etorkizuneko HAPOren tramitazioan eman beharreko beste urrats bat da hau. Plan horrek Iurretako etorkizuneko hirigintza zuzenduko du, eta egungo eta etorkizuneko beharrei eta eskaerei erantzungo die, besteak beste, hiri-antolamenduari, hiri-inguruneen berroneratzeari, etxebizitzari, jarduera ekonomikoei, ekipamenduei, espazio libreei eta berdeguneei eta abarri dagokienez”, azaldu du alkateak.

Aurrerapen-dokumentua jendaurrean jarri ondoren, herritarrei eta inguruko udalei irekitako fase berri honetan, hasierako onespenaren dokumentua osatuko duten irizpideak, helburuak eta proposamenak hartuko dira, nabarmendu dutenez.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!