Iurretako Udalak bere jabetzako lurretan baso autoktonoa berreskuratzeko eskatuko dio Aldundiari

Anboto 2021ko eka. 24a, 12:04

Iurretako udalbatzak aho batez onartu du, gaur, Bizkaiko Foru Aldundiari udal jabetzako lurretan baso autoktonoak berreskuratzeko eskaria egitea. Eskaria Durangaldeko Basoak ekimenak egin du mozio bidez, eta udalbatzak argi berdea eman dio testuari. Durangaldeko beste herri batzuetan ere egingo du eskaria Durangaldeko Basoak ekimenak.

Durangaldeko Basoak mozioan argudiatu duenez, "gure mendien egoera larria da, lurzoruen agortzeak eta klima aldaketak eragindako izurriteen ondorioz eraitsi behar izan ziren koniferen monokultiboaren hainbat belaunaldiren ondoren". Gaineratu dutenez, "monokultiboaren irauteagatik eta, batez ere, eukalipto arbola gero eta gehiago daudelako, egoera hori larriagotu egingo da".

Mozioan, Eusko Jaurlaritzak EHUri eta Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatutako ikerketa ere aipatzen da. Ikerketa horren arabera, "EAEko eukalipto landaketak gorantz doaz eta ingurumen eragin larriak izan ditzakete, zenbait animali espezie mehatxatuz eta sute arriskua areagotuz". Gaineratu dutenez, "ingurumenaren gaineko eragin negatiboak lurzorutik iragazgaitzagoak izan ohi dira, eta beste espezie batzuen hazkundea moteltzen dute, ornogabeen, onddoen, likenen eta landareen, baita anfibioen eta hegaztien aniztasuna murriztuz". Klima berotzea, efektu sozio-ekonomikoak eta eragin paisajistikoak ere aipatu dituzte.

EH Bilduko Eunate Zarrabeitiak nabarmendu du "beharrizan batek sortutako" mozioa dela, herritarrek eurek sustatutakoa. "Larrialdi klima egoeran garrantzitsua da lurren zein kudeaketa egiten den". Gaineratu duenez, "udalak lurren kudeaketa aldatzeko pausoak emateak zer pentsatu emango die inguruko lurjabeei ere bai. Ikerketa desberdinek diote monokultiboaren sasoia amaitu dela, onurak baino kalteak eragiten dituelako". Baso autoktonoak berreskuratzearen alde daudela dio Zarrabeitiak eta "betearazi" egingo dutela.

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu du Aldundiagaz harremanetan jarriko dela udala baso autoktonoen berreskuratzea "lehenbailehen" gertatu dadin.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!