Iurretako Udalak 15.000 eurora igo ditu hezkuntza gastuetarako dirulaguntzetarako diru poltsa

Anboto 2021ko eka. 23a, 12:31

Iurretako Udalak zabaldu du 2020-2021 ikasturtean hezkuntzak eragindako gastuei aurre egiteko dirulaguntza eskatzeko epea. Herriko familiei zuzendutako deialdia da eta uztailaren 8ra arte egin daiteke eskaria. Aurten, 15.000 euroko diru poltsa lotu dute, iaz baino 3.000 euro gehiago.

Iurretako Udalak seme-alaben hezkuntza-gastu orokorrak zati batean ordaintzea du helburu, haurtzaindegitik hasi eta DBHko 4. mailara bitartean dauden neska-mutilen hezkuntza gastuak. Udal arduradunek nabarmendu dute seme-alabak Haurtzaindegian izan dituzten familiek 150 eurora arte laguntza eskatu dezaketela.

Diru-laguntza diru-kopuru bat izango da udal ordezkariek ohar batean azaldu dutenez, familia-unitatearen errentaren, kideen kopuruaren eta ardurapeko seme-alaben edo adingabeen ikasketa-mailaren arabera zehaztuko dena, argitu dutenez. Honako tarteak zehaztu dira: Haurreskola (150 euro), Haur Hezkuntza (45 euro), Lehen Hezkuntza (45 euro) eta DBHko 1. eta 2. maila (45 euro) eta DBHko 3. eta 4. maila (75 euro). Diru-laguntzak orokorrak izango direnez, onuradunek antzeko zenbatekoko laguntzak jasoko dituzte derrigorrezko hezkuntza bereizten den aldi bakoitzean.

Familia-unitate bakoitzeko eskaera bakarra egin ahal izango da, eta eskabidea elektronikoki aurkeztu beharko da. Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Bidebarrieta kalea, 5) ere aurkeztu ahal izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!