“Kanperrak daude modan, herri eta hirietara sartzeko aukera ematen dutelako"

Jone Guenetxea 2021ko eka. 21a, 09:30

Karabanen mundua hazten dabil. Opor mota hau aukeratzen dutenen kopuruak gora egin du, etenik barik. Era berean, geroago eta herri gehiagok karabanen guneak egokitu dituzte turismoa bultzatzeko. Mikel Caravaning Iurretako Mallabiena industrialdean dagoen karabanen denda da. Mikel Alvarez da enpresaren jabea. Turismo mota hau indartzen dabil gure inguruan

Udako sasoi hau denboraldi altua da karabanen enpresetan?
Orain ezer gutxi. Ia dena hartuta dugu. Gu irailean denboraldi berriagaz hasten gara.

Pandemiaren aurretik hona, igarri duzue aldaketa?
Jende berri asko hurbildu da karabanen mundura. Karabanak berriztera barik, lehenengoz datozenak dira. Batzuek alokatu egiten dituzte, proba egiteko. Erosleen artean, batzuek aurretik probatu izan dute, baina badaude asko alokatu barik ere erostera animatzen direnak.

Zergaitik aukeratzen dute opor mota hau?
Etxe edo hotel berean sartuta egon barik, opor mota honen aldeko hautua egiten dute, euren airera ibiltzeko.

Zein da zuen bezeroen profila?
Gaur egun ez dago profilik. Lehen, ume txikiak zituzten familiak ziren gehienak. Orain, askoz ere anitzagoa da.

Eskaintza handitu egin da. Zer dago modan?
Kanperrak daude modan, herri eta hirietara sartzeko aukera ematen dutelako. Mendian ere gehiago sartu zaitezke, karabanek muga gehiago dituzte-eta leku batzuetara joateko. Bestalde, karabanen salmenta ere nabarmen igo da. Karabana erosi, eta ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean kanpin batean ipintzen du jendeak, bigarren erresidentzia legez. Durangaldekoek, askotan, Nojara zein Landetara eramaten dute karabana. Beste batzuek, pare bat hilean kanpin batera eraman, eta ez dute mugitu ere egiten. Gero, abuztuan, handik atera eta bidaiatzeko erabiltzen dute, Kataluniara, Andaluziara edo beste lekuren batera.

Geroago eta herri gehiagotan autokarabana guneak ipini dituzte.
Herri askok egin dute karabanentzako parkinak ipintzearen aldeko apustua. Udalek ikusi dute turismo arloan badagoela hor profil bat modu honetan bidaiatzea gogoko duena. Horregaitik dabiltza parkinak ipintzen, eta ez bakarrik herri turistikoetan. Elorrion eta Larrabetzun, esate baterako.

Kilometroak egiteko prest daudenak nora joaten dira?
Jende asko Europara joaten da. Herrialde asko oso ondo prestatuta daude karabanagaz joateko. Gehienak berotasun bila joaten dira, Andaluziara, Galiziara... Landak beti modan dagoen lekua da.

Hazkunde hau pandemiaren eraginez gertatu da?
Aurretik ere bazetorren, eta pandemiak bizkortu egin du goranzko joera hori. Europan oso errotuta dago, eta hona geroago heldu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!