Hiketalagunak, hitanoa ikasi eta erabiltzeko gonbita

Aitziber Basauri 2021ko eka. 18a, 11:30

Durangaldeko Berbalagunek Hiketalagunak egitasmoa ipini du martxan. Iurretan sortu eta Durangaldera zabaldu den ekimenak gazteak hitanoz berba egitera animatu gura ditu, hika berreskuratze aldera.

Horretan laguntzeko, Poltsikorako Hitanoa liburuxka plazaratu dute, Badihardugu elkarteak (Oñati) sorturiko Hika Poltsikaran oinarri hartuta eta Eneko Barrutiak Hitanoaren proposamena bizkaieraz liburuan jasotako forma orokorrak batuta. Bestalde, ikasturte hasieran ikastaroak hasiko dituzte, Durangaldeko Berbalaguneko koordinatzaile Irati Anakabek eta Iurretan bidelagun den Ziortza Aldekoa-Otalorak azaldu dutenez.

Iurretar talde bat arduratuta zegoen hika galtzen dabilelako, eta horiek erakutsitako interesari erantzunez hasi ziren lanean. Joan zen abenduan, 40 lagunek baino gehiagok  (Iurreta, Abadiño, Durango, Zornotza, Galdakao…) eman zuten izena hitanoz berba egiten ikasteko eta praktikatzeko. “50 urtetik beherako euskal hiztunak dira, hitanoa erabiltzen ez dutenak, asko hogeitaka urteko gazteak”, esan zuten. Gainera, “Berbalagun taldeetan bidelagun izan daitekeen profila aktibatu da”, diote. Orain, hitanoa era naturalean erabiltzen duten bidelagunak topatzen dabiltza.

Mankomunitateko presidente Mireia Elkoroiriberen berbetan, “aisiaren esparruan, konfiantzazko giroan, hitanoa berreskuratzeko proiektu polita da. Euskararen erabilera bultzatzeko baliogarria”.  Egitasmoari ekiteko, bertso jaialdia egingo dute Iurretan, domekan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!