Iurretarrek aurrekontu parte hartzaileetan botoa emateko aukera zabalik dute

Anboto 2021ko eka. 21a, 19:26
Hirigunean komun publiko bat jartzeko proposamena dago aukeratutako proiektuen artean

Iurretako Udalak jasotako proposamen guztien azterketa teknikoa egin ondoren, zortzi proiektu igaro dira bozketa fasera, eta iurretarrek horien arten hiru proiektu lehenetsi ahalko dituzte. Uztailaren 2ra arte bozkatu daiteke.

Iurretarrek sare sozialen bitartez eta www.iurreta.eus webgunearen bitartez bozkatu ahal izango dute. Baita etxeetara helaraziko duten liburuxkaren bitartez ere. Liburuxka horiek Herritarren Arreta Zerbitzurako bulegoaren inguruan eta herriko hainbat tokitan jarritako postontzietan utzi daitezke. Ekainaren 24an, informazioa emateko karpa jarriko da Dantzari auzunean eta bertan ere utzi ahal izango da botoa.

Boto gehien batzen dituzten hiru proiektuak gauzatzeko 50.000 euroko diru-atala gorde du Iurretako Udalak. Honako zortzi proiektuen artean bozkatu daiteke:

  1. Zaldaiko bideko argiak hobetzea eta oinezkoentzako bazterbideak seinaleztatzea. Iurretaburu-Etxetxu baserrietarako bidean argiteria jartzea (Iturburu auzoa).
  2.  Haurrentzako jolasak berritzea Berezin.
  3. Gabonetako dekorazioa jartzea Bidebarrieta inguruan.
  4.  Hirigunean komun publiko bat jartzea.
  5. Baserrietako seinaleak berritzea.
  6. Goiuria auzoan iturri publiko bat instalatzea.
  7.  Bolatokian rokodromoa jartzea.
  8. Kalistenia-parke bat sortzea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!