Iurreta Plazaratu dinamikako bultzatzaileek azaldu dutenez, herriko plazari eta herriko bizitza soziokulturalari bultzada emateko asmoz sortu zuten ekimena. Ibilbide horretan, hainbat ekintza antolatu dute.
Plazaratuk pauso garrantzitsua eman zuen joan zen urrian. "Plazan dagoen Abadetxea eraikina zabaldu zion herriari", diote Plazaratutik. Harrezkero, osasun egoerak utzi duen neurrian ekintzak sustatu dituzte, eta espazioaren koordinazioaz arduratu dira. Urritik hona proiektu ugari jarri dute martxan. "Laixiar irratia martxan da azarotik, Gaztetxea izango dena prestatzen dabiltza gazteak, liburutegia zabalik dago, Sorkuntza Ganbara abiatzera doa, eguaztenetan dantza saioak egiten dira, musikariak entseatzen dabiltza... Durangaldeko Biribilketa topaketa feministen aterpe ere izan da joan den asteburuan. Gainera, etorkizunean herriko talde eta pertsona guztien ideiei zabalik dagoen eraikina da Abadetxea", esan dute. Proiektua eraldatuta, Abadetxeak bizi propioa hartu du, eta horregaitik, Iurreta Plazaratuk bere bidea amaitutzat eman duela jakinarazi gura diegu herritarrei. Abadetxeak hartuko du-eta horren lekukoa. "Abadetxea izango da gure elkargune fisikoa eta sinbolikoa", gaineratu dute.
Datozen ekitaldiak
Bestalde, datozen ekintzak ere iragarri dituzte. Domekan bertso saioa izango da, hitanoz kantatuta. Miren Amuriza, Unai Iturriaga, Eli Pagola, eta Eneko Abasolo 'Abarkas' arituko dira bertsotan, Maite Berriozabalek gidatuta. 18:00etan hasiko dira kantuan. Ekainaren 24an eta 25ean argazki zaharren erakusketa egingo dute Abadetxean. Eta ekainaren 29an Mikel Antza idazleak Arroz Urez liburua aurkeztuko du.