"Zaila bada ere ahalegin berezia egin dugu herritarrek kale antzekiagaz gozatzeko. Gainera, betiko formatua berreskuratzea da gure asmoa, hau da, ikuskizun guztiak asteburu batean eskaintzea", adierazi du Iñaki Totorika Iurretako alkateak.
Gainera, aurtengo Iurretako Kalez-kale - Euskal Herriko mostra jaialdian antzezlan baten aurkezpenaz gozatzeko aukera egongo da. Hortzmuga konpainiak Bidearen amaiera lana antzeztuko du, lehenengoz euskaraz. Hortzmugako kideek eguazteneko aurkezpenean esan zutenez, lanaren asmoa publikoak beraiekin batera barre egitea da, baita hunkitu eta ausnartzea ere. Horrez gain, herritarrei jaialdira bertaratzeko gonbidapena luzatu diete. "Kultura berreskuratzea oso garrantzitsua da bai herritarrentzat baita guretzat ere. Erakutsi dugu kultura segurua dela, horregatik herritarrei antzezlanera jaialdira batzeko deia egiten diegu", azaldu dute Hortzmugakoek. Antzezlana ekainaren 19an izango da, 18:30ean.
Aurreko egunean, berriz, Markeliñek Chef Nature aurkeztuko du, 18:30ean. Ekainaren 19an, Erre Produkzioakek Piraten istorio bat eta Deabru Beltzakek Diberti-Dantza ekainaren 20an, 13:00etan.
Udaletik azaldu dutenez, jaialdia segurtasun neurriak beteta egingo da, horregatik beharrezkoa izango da sarrerak hartzea. Sarrerak dagoeneko eskuragai daude Ibarretxe Kultur Etxean.
Musika eguna
Ekainaren 21erako, berriz, Musikaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Trio De Jazz Vocal Miss Blue&Friens taldearen kontzertua antolatu dute. 19:00etan izango da Ibarretxen.