Erlantz Zaldunbidek Tozal de Guara mendi lasterketa irabazi du Huescan

Anboto 2021ko eka. 8a, 09:16
Erlantz Zaldunbide asteburuko proban. (Argazkiak: monrasin.blogspot.com)

Proba horretan parte hartzen zuen lehenengo aldia zen.

Parte hartzaileek 42 kilometroko ibilbideari eta 2.900 metroko desnibel positiboari aurre egin zioten joan zen asteburuko lasterketan. Bidean inguruko hainbat tontorretatik igaro ziren: Montidinera, Fragineto, Tozal de Guara eta Cubilas. Gizonetan, Erlantz Zaldunbide iurretarrak irabazi zuen, Oscar Puyuelo eta Diego Sorribasen aurretik.

Zaldunbidek lidertzan eta bakarrik egin zuen lasterketako zatirik handiena. Izan ere, ibilbideko desnibelik handienak lehenengo zatian zeuden eta iurretarra hobeto moldatzen da aldapa gora aldapa behera baino. Horregatik, hasieratik egurrean hasi zen. "Psikologikoki gogorra egin zitzaidan. Lehenengo joatea eta bigarrena zure atzetik denbora guztian… Beti da hobeto atzetik aurrera egitea, baina horrela suertatu zen", adierazi du Zaldai Mendi Taldeko korrikalariak.

Bere hurrengo erronka Andorrako 50 kilometroko lasterketa bat izango da, ekainaren 25ean. Horren ostean, uztailaren 9an, ultra trail batean parte hartzeko asmoa du.

 

Podiumeko irudia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!