“Agenda kontzertuz beteta daukagu eta hori ez da ohikoena. Zortedun sentitzen naiz”

Aritz Maldonado 2021ko eka. 4a, 19:30

Idoia Asurmendik (Aramaio, Araba, 2000) 'Ilun eta abar' diskoa kaleratu du oraintsu. Eta zapatuan Iurretako plazan aletuko du, Joanes Ederra baxu-jotzaileagaz batera, Iurretako kultur egitarauaren barruan. Kulturarentzat sasoirik onena ez dela-eta, musikari aramaioarra zorteko sentitzen da, izan ere, "agenda kontzertuz beteta" dute.

Zelako harrera izaten ari da diskoa?
Urtebeteko prozesu luzea izan da eta kaleratzeko gogoa nuen, jendeak zelan jasotzen zuen ikusteko. Hilabete baino ez da igaro, eta eskaini ditugun kontzertuetan bete egin ditugu antzokiak. Hori ez da erraza garai hauetan.

Kontzertuak ere ez dira lehengoen modukoak izango.
Honi alde positiboa ateratzen ahalegintzen naiz. Nire musika bada jesarrita entzutekoa. Alde horretatik, ez nau askorik eragin, baina maskararen kontuak bai. Oso hotza da horrela kontzertuak ematea, jendearen begiak baino ezin dituzu ikusi eta. Horrez gainera, oso arrotza egiten zait aulkiak hutsik ikustea. Baina, esan dudan moduan, ezin gara kexatu, agenda kontzertuz beteta dugu, eta hori horrela izatea, are gehiago gaur egun, ez da ohikoa. Zortedun sentitzen naiz, beraz.

Elkarren artean nahikoa ezberdinak diren zortzi abestik osatzen dute 'Ilun eta abar'. Erabakia izan da ala horrela irten zaizkizu?
Horixe da, hain zuzen ere, disko honen ezaugarrietariko bat, abestiak ezberdinak direla euren artean. Ez da erabakitako zerbait izan, horrela irten zaizkit. Nik era askotako musika entzun dut txikitatik, eta influentzia horiek ikusi daitezke diskoan. Sortzerakoan ez diot mugarik ipintzen neure buruari, nire musikari. Ez zait gustatzen musika estiloei etiketak ipintzea, horrek mugak sortu ditzakeelako. Gainera, uste dut niretzat aberasgarria izan daitekeela, azken finean, guztia delako musika, eta nik sentsazio desberdinak sortu gura ditut musikaren bitartez.

Pianoa eta gitarra jotzen dituzu zuk, abesteaz gainera. Konposatzerakoan, metodologiarik jarraitzen duzu, ala zelan aukeratzen duzu zein instrumentugaz konponsatu?
Ez daukat metodologia konkreturik, intuizioz egiten dut. Normalean, burura esaldi bat edo berba bat, edo akorde batzuk etortzen zaizkit, eta hortik tiratzen dut gero. Pianoagaz zein gitarragaz, biekin konpontzen naiz ondo, baina, egia esateko, gehiago naiz pianista; gitarragaz estuago ibili ohi naiz, baina instrumentu erraza da konposatzeko. Biekin nago eroso, eta ideia etortzen denean, nagoen instrumentuagaz moldatzen naiz.

Kutxa kultur ekimenaren bekagaz Tabakaleran urtebeteko egoitza eduki duzu, baita laguntza ekonomikoa ere. Zenbaterainoko dira  lagungarriak horrelakoak?
Oso lagungarria izan da, batez ere bultzada bat izan delako proiektu honi ekiteko. Proiektu asko izaten ditugu buruan, baina lehenengo pauso hori ematea oso zaila izaten da. Babesa eskertzekoa da, beraz. Niretzat aitzakia bat izan da proiektuagaz hasteko, eta oso eskertuta nago. Gainera, ikusten da horrelako iniziatiba gehiago egiten hasi direla, eta hori oso pozgarria da, artista hasiberriei laguntzeko baliagarria da eta. Beka horiek laguntza materiala eskaintzen dute; adibidez, nik Tabakalerako lokal batean entseatu ahal izan dut urtebetez, eta diru laguntza bat ere jaso dut. Baina laguntza ez materiala da gehien baloratzen dudana, bultzada hori jaso izana, jakitea babes bat izan dudala nire proiektua aurrera eramateko.

Zer eskainiko duzue Iurretako kontzertuan?
Kontzertua formatu akustikoan izango da, Joanes Ederragaz batera; berak baxua eta kontrabaxua jotzen ditu. Diskoa goitik behera joko dugu, baita bertsio batzuk ere. Horrela hasi nintzen ni, bertsioak jotzen, eta gustatzen zait horiek jotzen jarraitzea. Ordubete inguruko kontzertua izango da; ordubete, musika entzun, lasai egon, eta disfrutatzeko.

Ekainaren 19an Bartzelonara goaz; talde lez kanpora goazen lehenengo aldia izango da. Horren ostean, uztailean, kontzertu dezente ditugu Euskal Herrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!