Zaldaik 'Incognita Patagonia' dokumentalagaz abiatuko du Iurretako IV. Mendi Astea

Anboto 2021ko mai. 25a, 10:32

Maiatzaren 27an, egunean, hasiko da Iurretako IV. Mendi Astea, 'Incognita Patagonia' dokumentalaren emanaldiagaz. Mendi Film Festival eta National Geographic-en babesagaz ekoiztutako produkzioa aurkezteko Eñaut Izagirre hurbilduko da Ibarretxe kultur etxera. 

Patagoniako eremu ezezagun batean egindako erronka erakusten du dokumentalak, izotz zeharkaldia, glaziarren kartografia eta ikerketa uztartzen dituena. Emanaldia 18:30ean hasiko da. Bestalde, zapatuan, maiatzaren 29an, Iñaki Peñak zuzendariak Mendian hil, hirian hil dokumentala aurkeztuko du. Ibarretxe kultur etxean izango da ekitaldia, 18:30ean. Mendia eta kalea elkarlotzen ditu dokumentalak, heriotza, dolua, oroimena eta itxaropena aztertuz. 2020ko Mendi Film Festival-ean euskarazko film onenaren saria lortu zuen.

Mendi Erronkaren sari banaketa

Barikuan, maiatzaren 28an, iazko Zaldai Mendi Erronkaren sari banaketa ekitaldia egiteko aprobetxatuko dute, erronka bukatu duten 100 finalistekin. Era berean, Zaldai mendi taldeak argazki lehiaketako sari emate ekitaldia egingo du, eta aurkeztutako argazkien erakusketa antolatuko du.

Plazaratu dinamikak eta Zaldai mendi taldeak elkarlanean antolatuta, 'Iurreta ezagutuz' mendi ibilibidea egiteko aukera ere egongo da, maiatzaren 30ean, domekan. Bidean geldialdiak eginez, Iurretako toki esanguratsuak bisitatuko dituzte parte hartuko duten herritarrek. Iurretako plazan egin dute hitzordua, 09:30ean. Antolatzaileek argitu dutenez, hiru orduko ibilbidea izango da, umeek ere egiteko modukoa. 

Zaldai mendi taldeak mendia herrira hurbiltzea du helburu. Urte hasieran bertan behera utzi behar izan zuten aurtengoa laugarren aldia duen Iurretako Mendi Astea, Covid-19ak eraginda. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!