Gurutze Fradesek munduko txapelketara sailkatzea du helburu Tulsako Ironmanean

Joseba Derteano 2021ko mai. 22a, 11:50

Gurutze Frades iurretarra Tulsa hirian (Oklahoma, AEB) dago aste hasieratik. Han lehiatuko den Ironmanean parte hartuko du domekan. Helburu bategaz arituko da: munduko txapelketara sailkatzeko jokoan egongo diren hiru txarteletariko bat eskuratzea.

Ironmanetan parte hartzen duten triatloilarientzat Konako munduko txapelketa (Hawaii) izaten da urteko proba nagusia, eta Fradesek hainbat urte darama hitzordu horretarako sailkatzen.

Baina aurten gatx dago sailkapena. Lasterketa gutxi dagoenez, munduko onenek ez dute hutsik egiten hitzorduetara. Horixe gertatuko da Tulsako proban: maila handiko parte hartzaile asko batuko dira hiru txarteletariko bat eskuratu guran. Proba horren ondoren, plaza gutxi geratuko dira banatzeko. Beraz, domekakoa ez da azken aukera izango, baina bai azkenetarikoa Imedusa babesle duen eta Mugarra Triatloi Taldean dabilen iurretarrarentzat.

Sierra Nevadan hiru aste eman ditu entrenatzen asteburuko Ironmana prestatzeko, eta "indartsu" dagoela dio.

Honako hauek dira Ironman bateko distantziak: 4 kilometro igerian, 180 bizikletan eta 42 korrika.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!