Enplegu publikoaren egonkortasuna aldarrikatu dute Iurretako Udaleko langileek

Anboto 2021ko api. 22a, 12:10

Udaleko beharginen "%54" behin-behineko egoeran dagoela diote.

Iurretako Udaleko beharginek bat egin dute sindikatuek sektore publikoan deituriko lanuzteagaz.  Ainara Uribarri Baztegieta izan da euretako bat. Udaletxearentzako lan egiten du eta bere kasua zein den kontatu du: "Ni 2008tik nago udaletxean. Herritarren Arreta zerbitzuan egiten dut lan eta behin-behineko egoera batean nago ordutik", dio. Bere esanetan, antzeko egoera bizi dute udaleko beste hainbat beharginek: "Kalkuluen arabera, Iurretako Udaleko lanpostuen %54 behin-behinekotasun egoera batean dago". Espainiako legediak %8an kokatzen du erakunde publikoetan egon daitekeen gehienezko behin-behinekotasuna. Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoetan %40 ingurukoa da behin-behinekotasuna.

Greba egitea "ezinbestekoa" dela deritzo Uribarrik. "Enplegu publikoa sortu, indartu eta egonkortu behar da. Azken urteotan ikusi dugu beharginak ez direla egonkortzen, eta hori funtsezkoa da zerbitzu on bat eman gura bada", nabarmendu du. "Kontsolidazioa ere giltzarria da. Urteak daramatzagu hemen, lanpostua eta herria ondo ezagutzen ditugu", esan du Uribarrik. Zentzu horretan, lanpostuan urteak daramatzan beharginaren esperientzia kontuan hartu beharrekoa dela iritzi dio. Bere esatean, Iurretako Udalean "28 langile aktibo" daude momentu honetan, "bajak alde batera utzita". 28 langile horietatik 18 inguruk egin dute bat grebagaz. ELA eta LAB sindikatuetan afiliatutako beharginak dira Iurretako Udalekoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!