Jostaiurreta enpresa-proiektuan baturiko 150 euroak Geu Be elkarteari eman dizkiote

Anboto 2021ko mar. 28a, 10:20

Iurretako Lanbide Heziketako ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Ikasenpresa programan parte hartu du Jostaiurreta enpresa proiektuagaz. Aurten, hirugarrenez parte hartu du. Automozio, mekanizatu eta administraritza zikloetako ikasleei, aurten, mendekotasuna duten personentzako arreta ziklokoak ere batu zaizkie. Bada, 50 bat ikaslek lan egin dute Jostaiurretan. Jostailuak sortu dituzte eta ikasle eta irakasleen artean saldu dituzte. Guztira, 150 euro batu dituzte eta diru hori Geu Be elkarteari eman diote dohaintzan.

Automozio zikloko ikasleak dira Jon Lauzirika eta Gorka Caro, eta mekanizatuan dihardu Karim Herrerak. Hirurek onartu dute esperientzia "berezia" eta "lagungarria"  izan dela Jostaiurreta: "Ondo sentiarazten gaituen egitasmoa da eta ikasketa bat ere bada, ez gaude-eta halako jostailuak egitera ohituta".

Dohaintza Geu Be elkarteari
Geu Be elkarteko Laura Castrillok eta Julen Bengoak asko eskertu dute Iurretako Lanbide Heziketa Zentroaren dohaintza. "Oso positiboa da elkartearentzat, gure gazteentzat, egindako lana baloratzea eta aintzat hartzea, eta diru hori oso lagungarria dugu askotariko ekintzak antolatzeko", esan dute.Administraritza zikloko irakaslea den Izaskun Iturrik azaldu duenez, ekintzailetzagaz loturiko lehenengo hartu-emana da Jostaiurreta, askotariko zikloetako ikasleei elkarlanean jarduteko aukera eskaintzen diena. Ikasleentzat aberasgarria dela uste du. "Jostaiurretaren helburua da ikasleek eginiko piezei etekina ateratzea, eginiko lanak balio bat duela erakustea", azaldu du Alex Azkoeta proiektuko arduradunak. Tknikaren (LHrako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa) bitartez koordinatzen du Jaurlaritzako Ikasenpresa proiektua, eta erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleei zuzenduta dago. Enpresa mundua ikasgeletara hurbildu gura du Ikasenpresak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!