Iurretan zabaldu dute kultur etxetik eskola eremuraino doan oinezkoendako ibilbide berria

Anboto 2021eko martxoaren 24a

Joan zen abenduan hasi ziren lanak eta 159.000 euroko inbertsioa eskatu dute. 

Oinezkoendako ibilbide berria dute iurretarrek, Ibarretxe kultur etxetik eskola-guneraino doana. Haurreskolara eta Etxegora joateko aukera ere ematen du ibilbide berriak. Irisgarritasuna bermatu gura du 133 metro inguru dituen arrapala berriak, eta sigi-sagan doa  Haurreskolaraino; ibilbideak %6 malda du. Zuhaiztiak eta eserlekuak jarri dira ibilbidean zehar.

Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, "irisgarritasuna hobetzeaz batera, inguruan paisai-efektu positiboa lortu gura izan dugu, eta herrigunea eta eskola- eta kirol-guneak lotuko dituen pasiorako gune bat sortu". Dozena bat zuhaitz landatu dira trazaduran zehar dauden ezpondetan, gaineratu duenez. Era berean, lehendik zeudenak mantendu dira. Hiri-altzariak apirilaren erdialdean jartzea aurreikusi dute, "pasealekuaz osotasunean gozatu ahal izateko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!