Maiztegi Herri Eskolako Guraso Elkartea: "Azken aspaldian, gure umeek ez dute izan herrian medikuak aurrez aurre artatzeko aukerarik"

Anboto 2021ko mar. 24a, 08:45

Maiztegi Herri Eskolako Guraso Elkarteak gutun batean salatu duenez, "Iurretako pediatrak kontsulta guztiak telefonoz egiten ditu. Ez du umerik aurrez aurreko kontsultetan artatzen". 

Gutuna:

Gure umeek, beste guztiek bezala, pediatria zerbitzu ona merezi dute. Orain arte, halakoa izan da Iurretako osasun zentroan eskaini izan den pediatria zerbitzua, ez dugu kexatzeko motiborik izan; baina, COVID-19 sasoian, guztiz aldatu da kontu hori.

Azken aspaldian, gure umeek ez dute izan herrian medikuak aurrez aurre artatzeko aukerarik. Izan ere, Iurretako pediatra jardun erdiz ari da lanean eta kontsulta guztiak telefonoz egiten ditu; ez du umerik aurrez aurreko kontsultetan artatzen. Hori dela eta, edozein arazo tarteko osasun zentrora deitu eta hitzordua eskatu dugunean, umeari argazkiak atera eta emailez bidaltzeko eskatu digute. Pediatrak, beraz, gurasook telefonoz emandako azalpenen eta emailez jasotako argazkien bidez egiten ditu diagnostikoak. Era berean, telefonoz jakinarazten digu umeak zer duen eta zein tratamendu hartu behar duen ere.

Badakigu telefono bidezko kontsultak ugaritu egin direla COVID-19 tarteko, eta uste dugu zenbait kasutan egokiak izan daitezkeela; esate baterako, pazienteen jarraipenak egiteko. Diagnostikoak egiteko, ostera, sistema hori motz geratzen da. Izan ere, taxuzko diagnostikoak egiteko gaixoa ikusi egin behar da, aztertu. Ezinbestekoa da aurrez aurreko kontsultak izatea diagnostikoak behar bezala egingo badira eta behar bezalako zerbitzua eskaini nahi bada. Bada, gure umeek ez dute medikuak ikusteko aukerarik, medikuak aztertzeko aukerarik, behar bezalako diagnostikoak izateko aukerarik. Ez dute osasun arreta onik. Gure umeek orain daukatena baino osasun arreta hobea merezi dutela uste dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da aurrez aurreko zerbitzua izatea.

Egoera salatzeko modukoa dela uste dugu eta zerbitzu horren erabiltzaile guztioi dagokigula erreklamazioa egitea. Hori dela eta, Iurretako osasun zentroko pediatria zerbitzua erabiltzen duzuen guztioi eskatzen dizuegu Osakidetzan erreklamazioa aurkeztea.

Maiztegi Herri Eskolako Guraso Elkartea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!