Iurretako EH Bilduk osoko bilkurak eta batzorde informatiboak bideoan grabatu ditzala eta horiek herritarren eskura, web orrian, ipini ditzala eskatu dio gobernu taldeari. Koalizio subiranistak prentsa oharrean adierazi duenez, eskaria ez da berria. 2020ko urriaren 14an eskabide bat erregistratu zuten osoko bilkurak grabatu zitezen eskatzeko, eta ordutik hona jaso duten "erantzuna izan da, udal gobernuak bideo-akta ezarri gura duela eta lanean dabiltzala". EH Bilduk dioenez, guztia "martxorako prest egongo zela" erantzun zion gobernu taldeak, baina "ez" dute "uste hala izango denik".
Koalizioaren arabera "beharrezkoa" da "herritar orok batzorde informatiboetan eta osoko bilkuretan gertatzen denaren berri zuzena izatea. Are gehiago, osoko bilkurak publikoak izanik, bertan eztabaidatzen eta erabakitzen dena herritarrentzat eskuragarri egotea ezinbestekoa da, lehenbailehen", adierazi du.