Iurretako alkateak epailearen aurrean deklaratu du ustezko prebarikazioagatik

Anboto 2021ko mar. 17a, 11:57

Iurretako alkateak epailearen aurrean deklaratu zuen atzo, Durangoko epaitegian. Epaileak maiatzaren 16a baino lehen erabakiko du auziperatze autoa ala prozesuaren artxibatzea.

Iazko martxotik azarora Iurretako udal idazkari moduan jardun zuenak bere kargu-uztearen prozeduran prebarikazioa egitea egotzi dio Iñaki Totorikaguena alkateari epaitegietan. Joan zen azaroan jarritako salaketan lan jazarpena ere leporatu zion alkateari. Bestalde, udaletxeko behin-behineko kontu-hartzailearen aurka aurretik zegoen langilearen aurkako laneko jazarpena egiteagatik salaketa jarri zuen, eta horrek ere epailearen aurrean deklaratu du. Iurretako alkateak "salaketaren oinarri juridiko eza" berretsi du epailearen aurrean.

Bizkaiko Foru Aldundiak Iurretako alkateak egindako eskari onartu ondoren udal idazkari berria izendatu zuten joan zen azaroan Iurretan. Horrek aurretik zegoen idazkariaren kargu-uztea ekarri zuen. Pozedura horretan "irregulartasun ugari" izan zirela arrazoituz jarri zuen udal idazkari izan zenak salaketa epaitegietan. 

Irailean idazkaria aldatzeko aldundiari eskaria egiteko arrazoien artean barne-antolamendua, herriaren ezagutza maila eta karguan izandako esperientzia arrazoitu zituen azaroan Iñaki Totorikaguena alkateak. Idazkari berriaren izendapenerako prozedura guztia "berme guztiekin" egin dela gaineratu zuen orduan alkateak, Zornotzako Udalaren eta bertako idazkariaren adostasunagaz. Iurretako Udaleko idazkari berriak %30eko lanaldi metaketagaz dihardu, lanpostua erabaki bitartean.

Azaroan zabaldu zituen Durangoko Epaitegak Iñaki Totorikaguena alkatearen kontrako diligentziak. Idazkariari "lan jazarpena" eragin izan diezaiokeelakoan abiatu zuen epaileak ikerketa. Geroago ustezko prebarikazioagatik ere abiatu zuen ikerketa.

Kargu-utzi behar izan zuen idazkariak OSALANen  eta Bizkaiko Lan Ikuskaritzan ere erregistratu du salaketa urtarrilean. Hamar bat administrari-laguntzailek "bizi duten egoera irregularra" salatzen du bertan. Era berean, Kontu Auzitegiaren fiskaltzara ere jo du Iurretako idazkaria izan zenak, "kontratu txikietan atzemandako hainbat irregulartasunen aurrean erantzukizunak argitzeko".

Bide administratiboa

Bide administratiboa ere zabaldu du kargua utzi behar izan zuen udal idazkariak.  Kargu-uztearen Bizkaiko Foru Aldundiaren txostena errebisatzea eskatuz errekurtso administratiboa sartu du Bilboko auzi administratiboen 5. epaitegian. "Prozedura  baliogabetzea" eskatu du. Dionez, "zuzenbide administratiboaren ikuspuntutik hainbat irregulartasun daude". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!