Iluntzeak dira Totorikaren argazki askotako protagonistak, Cádizera (Andaluzia, Espainia) eginiko bidaia batean horiez maitemindu ostean; Los Angeleseko Malibun (AEB) ateratako argazki bat ere badago. "Nire bizitzako iluntzerik politena han ikusi nuen. Iluntze mota piloa daude, baina, batez ere, eguzkia sartzen dabilen momentu hori edo sartu eta bost minutura agertzen diren kolore horiek izugarri gustatzen zaizkit", adierazi du argazkilari iurretarrak. Iluntzeez gainera, loreen koloreak argazkietan harrapatzea ere gustatzen zaio. Kamera analogikoak eta digitalak ematen dizkioten aukerekin jolastea ere atsegin du. "Analogikoa gurasoek erabiltzen zuten niri argazkiak ateratzeko. Automatikoa da, baina argazkiak berezi egiten dituela esango nuke. Gaur egun, gurago dut eskuz egin, horrela argazkiei neure ukitua ematen diet-eta, baina analogikoek ere badute bere zera hori ere", gaineratu du.
"Argazki matadoia", eskola
Hain zuzen ere, ekinaz zaletasunari zukua ateratzen ari zaio. Argazki matadoia egitasmoan zehar ikasitakoa nabarmendu gura izan du argazkilariak. "Ordukoan kamera digitalagaz nenbilen gehiago, eta, batez ere, gogoan dut zenbat ikasi nuen Antton Izagirregaz eta Ainara Petitegaz", esan du. Hain zuzen ere, egitasmoaren helburua egunean argazki bat ateratzea eta publikatzea zen. "Sekulako aldea igarri nuen Argazki matadoiagaz, urtebetean egunero zerbait eginda asko ikasten delako". Iazko martxo eta apirileko itxialdi sasoian ere, antzerako terapia erabili zuen iurretarak. "Sortzaile lan desberdinak egin nituen, eta horiei eta bestelako gauzei argazkiak ateratzen hasi nintzen. Argazki hauek baliagarriak izango dira momentu horiek gordetzeko", azaldu du Totorikak.