“Arropa norberarentzat norbere gustura egitea abantaila handia da"

Aitziber Basauri 2021ko ots. 28a, 12:00

Mertzeria gaiak eta haurtxoentzako arropa saltzen dituzte Iurretako Vakasa mertzerian. Gainera, josi eta arropak konpotzen ditu Mari Carmen Ordoñezek (Badajoz, 1961). Jostunen lana baloratuta dagoen galdetuta, argi du erantzuna: "Diseinua egiteak, patroiak sortzeak eta arropa lantzeak bere lana du, eta lan hori guztia ez dago baloratuta". Azken 54 urtean Iurretan bizi da, eta aurretik 16 urte eman ditu tabernan lanean

Mertzeria zabaldu berri duzu, pandemiak baldintzaturiko sasoian. Zelan erabaki zenuen jauzia egitea?
Daitona taberna izan dut 16 urtean, justu pandemia hasi baino lehen utzi nuen arte. Denbora batean lanik egin barik egonda, zerbait egiteko premia nuen. Beti gustatu izan zait joskintzaren mundua, urteak egin ditut jostun. Bada, gaiari buelta batzuk eman ondoren, erabakia hartu nuen. Alabek ez zuten argi, bizi dugun egoeragaitik. Errieta ere egin zidaten, negozioak aurrera egingo zuen arduraz. Nik ere banuen zalantza. Baina oso pozik nago, uste dut funtzionatuko duela.

Aurretik ere jostun aritu zara, beraz.
Bai. Etxean jostun lan egiten nuen, eta jantzigintza akademia bat ere izan nuen. 24 urtegaz titulua atera nuen eta harrezkero joskigintzan lan egin nuen, uneko egoerak behartuta ostalaritzan sartu nintzen arte. Orain berriro heldu diot betidanik gustatu izan zaidan munduari.

Zelakoa izan da aldaketa tabernako barratik mertzeriako mostradorera?
Oso ona! Lasaiago nabil, lan erritmoa beste era batekoa da eta. Tabernako lanak jendea ezagutzeko aukera ematen du, hartu-eman asko izateko aukera. Baina oso lan lotua da. Ordu asko eskatzen ditu eta gauza asko jasan behar dira. Eta, askotan, psikologo lana ere egin behar duzu. Oso nekagarria da.

Ohiko mertzeria gaiak topatu daitezke VAKASAn. Baina arropa ere konpontzen duzu.
Hala da. Mertzeria gaiak (hariak, orratzak...), emakume eta gizonentzako barruko arropa, galtzetak, pijamak, artilea... denerik daukat dendan. Haurtxoentzako arropa ere bai, apurka-apurka nabil horregaz. Gainera, hainbat enkargu izan dut arropa konpontzeko. Zabaldu dudanetik ez naiz geldirik egon, beti izan dut zer konpondu.

Zer da gehien eskatu dizutena? Zerk erakartzen zaitu gehien?
Praken barrenak hartzea, eta, batez ere, kremailerak aldatzea. Mahukaren bat konpontzea ere eskatu didate. Lan horiek ez dute denbora askorik eskatzen, baina dendako lanagaz batera egin behar ditut. Beraz, ohikoa baino denbora gehiago behar dut. Dena dela, patroiak sortzea, arropa egitea gustatzen zait gehien; soineko bat, gona bat lantzea. Hori egin gura nuke, baina ezin dut, oraingoz behintzat. Aurrerago, negozioa ondo joanez gero eta lanerako beste pertsona bat hartzeko aukera banu, proba egingo nuen. Ez dut baztertzen, baina gatx ikusten dut.

Azken urteetan, handitu egin da etxean dugun arropa konpontzeko joera?
Baliteke. Bizi dugun egoerak baldintzatuta. Sasoi bateko arropa, urteetan armairuan sartuta egon den arropa ekarri didate dendara konpontzeko.

Sasoi batean, arropa asko etxean egiten zen.
Bai. Iurretan jostun asko daude, oraindino konponketa txikiak egiten dituztenak. Askotan, neuretzat eta alabentzat josten nuen arropa.  Baina gauzak asko aldatu dira. Denbora behar da arropa egiteko. Gainera, askotan, erosteak merkeago irteten du. Baina arropa norberarentzat egitea, norbere gustura, abantaila handia da. Bakarra izango da eta harrotasuna ematen du.

Internetek min handia egin du?
Dudarik barik. Interneten bitartez eskatuta, biharamunean etxean duzu. Korrika bizi gara eta momentuan gura dugu dena. Min handia egin du, bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!