Barikuro Laixiartzen magazina prestatu eta sareratu gura dute. “Era berean, bestelako saio berriak sortzen joango gara, ahal dugun neurrian. Izan ere, ez dugu baliabide eta denbora askorik, eta osasun egoerak zuzenean eragin digu", argitu du Duñabeitiak. Etorkizunari begira, antena bat lortu eta uhinen bitartez emititzea da Laixiar irratiaren erronkarik handiena.
Abadetxearen aterpean
Laixiar irratiak hamar bat laguneko lantaldea du atzean. "Etxeetan grabatu genituen lehenengo saioak. Orain, Abadetxean estudioa prestatu dugu eta bertan ekoiztu eta grabatzen dugu, ondoren modu digitalean zabaltzeko", dio Legorburuk. Hala ere, maiztasuna finkatu ondoren, Abadetxetik zuzenean aireratzeko aukerak ere badabiltza aztertzen.
Abadetxeak ateak zabalduta, 2016an sortutako proiektua berreskuratzeko eta forma emateko aukera ikusi zutela adierazi du Duñabeitiak: "Lagunarteko zorakeria batean du sorburua Laixiar irratiak, eta beti egon da presente. Abadetxea berriro zabaltzean, sasoi bateko gogoa eta ilusioa berpiztu zitzaizkigun”. Gaineraru du herriari zabalik dagoen proiektua dela: "Librea da bere osotasunean, eta irratian parte hartu gura duenak gugana etortzea baino ez dauka". Laixiar irrati libreak izan duen feed-back-agaz pozik daude. Hainbat elkartasun mezu jaso dituztela esan dute, hainbat irrati libretatik eta Arrosa irrati saretik ere bai.