Aritz Ganboaren 'Bideak' dokumentalak abiatuko du Iurretako IV. Mendi Astea

Anboto 2021ko urt. 11a, 11:30
Iaz Mendi Erronka bete zutenen argazkia.

Osasun neurriak betez eta egoera berriari egokituta prestatu behar izan du Zaldai mendi taldeak, aurten, Iurretako IV. Mendi Astea. Ohiko BTT martxa eta mendi irteera ezin izan dituzte antolatu oraingo honetan. Hala ere, mendia herrira hurbiltzeko helburuagaz bideo emanaldiak eta bloke-eskalada txapelketa herrikoia antolatu dituzte. 

Aritz Ganboa Arruazuko artzainaren kirol erronka erakusten duen 'Bideak' dokumentalagaz abiatuko dute prestatutako egitaraua, urtarrilaren 16ean. Ibarretxe kultur etxean eskainiko dute ikus-entzunekoa, 18:00etan. Urtarrilaren 23an, bestalde, Eñaut Izagirreren 'Incognita Patagonia' lana ikusteko aukera eskainiko dute. Ibarretxe kultur etxean izango da hori ere, 18:00etatik aurrera. 

Zaldai Mendi Erronka 2020 ekitaldia egingo du Iurretako mendi taldeak urtarrilaren 29an. Askondoko karpan izango da, 19:00etan hasita. Era berean, argazki lehiaketako sari banaketa egingo dute. 

Iurretako Bloke-Eskalada Txapelketa Herrikoiagaz borobildu dute Zaldaik antolatutako  IV. Mendi Astea. Urtarrilaren 30erako jarri dute hitzordua, 11:00etan, Goiuriako ermitan. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da izena ematea www.zaldaimenditaldea.org webgunean sartuta.

Zaldi mendi taldeak gogoratu du dokumentalak ikusteko plaza mugatuak egongo direnez aurrez izena eman beharko dela zaldai@hotmail.com helbidean. Bazkideek lehentasuna izango dutela azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!