"Tabernarien eskarietan jaitsiera igarri dugu: lehengo laurdena ere ez digute eskatzen"

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 18a, 09:30

Ostalariek bakarrik ez. Ostalariak hornitzen dituztenek ere egoera gogorra bizi dute. Iurretako Arroiabe enpresaren kasua da hori. Arroiabek ardoz hornitzen ditu Durangaldeko hainbat taberna. Nestor Fernandez de Arroiabe (Iurreta, 1958) da bertako arduradunetariko bat. Familia negozioa da berea, enpresa bere aitak sortu zuen-eta, 1960an. Gaur egun bost beharginek lan egiten dute bertan. Enpresaren alde batean denda dago. Ardoa saltzen dute bertan, modu zuzenean. Beste aldean, biltegia dago. Handik banatzen dute ardoa eskualde guztira.

Ostalariak txarto dabiltza. Zelan zaudete taberna hornitzaileak?
Hau kate baten modukoa da. Ostalariak txarto badaude, gu ere halaxe egongo gara. Dendagaz martxa onean gabiltza, polito. Jendea etxean egon denez, generoa eskatu digu. Baina kontua da dendagaz bakarrik ezin dugula negozioa aurrera atera. Soldatetatik aparte gastu finko asko dago. Furgonetak, aseguruak, bestelako gastuak... eta dendagaz bakarrik ezin da dena aurrera atera.

Ostalariek, muga handiekin bada ere, negozioei berrekin diete berriro. Zer esaten dizuete tabernariek?
Momentu honetan ez dago kontsumorik. Taberna bateko terraza gainezka ikusi dezakezu, baina ostalariek diotena da gastuak estaltzeko lain baino ez dutela ateratzen. Bezeroak ordu erdi bat eman dezake terrazan eserita kafetxo bategaz, baina tabernariak errotazioa behar du. Bestetik, ordutegiak daude. Iruditzen zait ostalaritzari oso ordutegi laburrak ezarri zaizkiola. Asteburuetan 20:00etan zarratu behar hori adibidez, noiz eta negozioa hor egiten denean. Eta bitartean guk ezin dugu ezer egin. Eskarietan ere igartzen dugu hori. Lehengo laurdena ere ez digute eskatzen.

Pandemia hasi baino lehenagoko kopuruen laurdena ere ez?
Ez, ez. Ezta pentsatu ere. Otsaila eta martxoa data baxuak izan ohi dira normalean, baina aurten dena zarratu da kolpetik, eta ez dago kontsumorik. Durangora jotzen baduzu, eman dezake tabernetan topera dabiltzala. Baina ez da horrela. Beharginak badituzte, ERTEan izango dituzte. Kontuek ez dute ematen.

Bestetik, eremu gorriaren kontua dago. Udalerriren bat eremu gorrira igarotzen bada, ostalariek ezingo dute aterik zabaldu. Zein interpretazio egiten duzu?
Zornotzatik nator. Banaketa bat egiten egon naiz han. [Edizio hau ixterako, Zornotza eremu gorrira pasatzeko mugan zegoen. Hori gertatuko balitz, ostalariek negozioak zarratu beharko lituzkete]. Ez dago segurtasunik, eta niri iruditzen zaidana da Erregenak pasatu ostean berriro ere zarratuko dizkigutela negozioak. Udan mugak zarratu izan balira, herritarrek bertan kontsumituko zuten.

Bada esan gura zenukeen beste ezer?
Denok garela egoera honen errudunak.  Ostalaritza seinalatu dute, baina esan beharra daukat ostalariek egundoko lana egin dutela. Dena eman dute. Bezero bat jarlekutik altxatzen denean, joan, garbitu, desinfektatu... Hori lan itzela da. Asko zaindu dute dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!