“Iurretarrei eskerrak eman gura dizkiet bene-benetan, eta daukaten herri nortasun horri eusteko eskatu gura diet”

Anboto 2020ko abe. 12a, 11:50

Bai. Egia da. Koronabirusak bere lanaren azken hileak markatu ditu. Aitortu digu egoera larriak bizi izan dituela birusagaz. Baina, bueno. Mediku lez egiten duen azken elkarrizketa hauxe izan daitekeelakoan, ez dugu gauza ilunez berba egingo. Koronabirusik bako elkarrizketa izango da. Covid free. Balentziagak merezi du hainbeste. Herritarren artean hain estimatua den mediku bat ez delako egunero jubilatzen.

Tratu bat egitea proposatzen dizut: elkarrizketa koronabirusa aipatu barik egitea. Zer iruditzen zaizu?
Ederto! Pozik hartzen dut proposamena. Egia esan, apur bat aspertuta ere banago. Kokoteraino.

Konforme. Bada, galdetzen hasiko naiz: erretiroa hartuta, zelan?
Pozik. Halantxik gura izan dudalako eta erronka pertsonalak egiteko astia hartu gura dudalako. Emazteagaz egotea, ilobekin egotea, txakurrak zaintzea, mendian ibiltzea, naturaz gozatzea. Osasuntsu nago  eta denbora hartu gura dut hori dena egiteko. Nire erabakia izan da erretiroa hartzea. Pozik nago.

Askok bere betiko medikua galduko dute aurrerantzean.
Bai. Argi dut 24 urteko hartu-emanaren ostean askok galera sentituko dutela. Azken asteotan hori esan izan didate hainbatek. Batzuekin hartu-eman estua izan dut. Nik ere sentituko dut falta. Azken finean, oroitzapenak daramatzazu etxera eta oroitzapen horiek pertsonei lotuta daude beti. Pertsonak daude oroitzapenetan; ez gaixotasunak.

Gutxi izango dira zure kontsultatik sekula ere pasatu ez diren iurretarrak.
Hona lanera etorri nintzenean, mediku bi geunden. Gerora, hirugarrena etorri zen. Pazienteen zati handi bat nire kontsultatik pasatu da eta herritar asko ezagutzen dut. Orokorrean, errespetuz tratatu izan naute beti. Hartu-emana erraza izan da. Leku ona izan da lanerako. Egon izan naiz Basaurin, Bilbon, Burgosen. Hirietan. Baina hau askoz ere sanoagoa delakoan nago. Hemen errazagoa da dena. Zuk ematen duzu eta pazienteek zuri ere ematen dizute.

Azken urteotan konpetentzia agertu zaizue: Dr. Google.
Bai. Segun eta kontsultara zein datorren, segun eta pazienteak zein erabilera informatiko dituen,... aurreratu egiten naiz. Akaso dena delako hau Interneten irakurri duzu? Beharbada pentsatu duzu hau edo beste hau izan daitekeela gaixotasuna?, galdetu izan diet. Bai, horrelakoak gertatu izan zaizkit. Dena dela, horregaz tratatzea ez da gatxa. Pazienteak zure mezua onartu dezan, ezinbestekoa da konfiantza izatea. Internetek emango du bere iritzia, baina pazienteak medikuarengan konfiantza badu, medikuaren aholkua gailenduko da.

Zeintzuk dira ondo bizitzeko behar ditugun ibuprofenoak eta parazetamolak?
Gaur egun ikusten ditugun gaixotasunik gehienek gure ohiturekin eta portaerekin dute lotura. Ez da erraza esaten, baina gure gizartean oso errotuta daude janaria eta edaria. Tabakoa geroago eta gutxiago. Orain hamarkada batzuk baten bat  kalean korrika egiten ikusi izan bagenu, zoratuta zegoela esango genuen. Gaur egun aldatu egin da hori. Adin guztietan. Eta eskerrak! Ohitura sanoak bultzatu behar ditugu, eta, tira... lantzean behin laban egiten dugula? Bueno, ez da ezer pasatzen.

Azken mezu bat eskatuko dizut. Zer esan iurretarrei?
Ufa! Ez da erraza. Alde batetik, eskerrak emango nizkieke. Bene-benetan diot. Eta jarraitu dezatela herri izaten. Eutsi diezaiotela daukaten herri nortasun horri. Hori oso inportantea da. Ni hona ailegatu nintzenean puri-purian zegoen desanexioaren kontua. Orduan, nik Bilbon lan egiten nuen eta lanpostua Landakora lekualdatzeko eskaria egin nuen. Eta hain justu, momentu hartan zerbitzuak berrantolatzen ari zirela-eta, lanpostua hemen esleitu zidaten. Ez zen nik eskatutakoa, baina hara: ez naiz sekula ere damutuko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!