Iurretako Udalak 25.000 euro bideratuko ditu ostalaritzari laguntzeko

Anboto 2020ko abe. 9a, 16:15

Ostalarientzako diru-laguntza zuzenak ematea adostu dute udaleko talde politiko guztiek. Iurretan ostalaritzako  13 establezimenduk jasoko dute diru-laguntza, langile kopuruaren arabera. Langile bakarra,  langile bi edo hiru dituzten ostalaritza jarduerek 1.000 euroko laguntza jasoko dute. Lau eta 10 langile bitartean dituztenek, bestalde, 1.500 euro. Udalak 25.000 euroko diru-poltsa lotu du.

Iurretako Udalak beste administrazio batzuek sustatutako laguntzak eta ekimenak osatu gura ditu, "sektore horrek duen garrantzia eta bizi duen egoera zaila ikusita". Era berean, "jarduerari eusten lagunduko duten neurri berriak sustatzen" jarraitu gura du. Gogoratu dute, uztailean, alarma egoeraren ondorioz kaltetutako autonomo eta mikroenpresei bideratutako diru-laguntza deialdia egin zela.

Laguntzak datorren astetik aurrera eskatu ahalko dira, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean. Ordutik bost eguneko epea emango da Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo telematikoki eskaria egiteko. Baldintza orriak www.iurreta.eus webgunean daudela azaldu dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!