Iurretako Gaursa enpresatik gutxienez 5 langile kaleratu dituztela salatu du ELAk

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 19a, 16:41
Artxiboko irudia.

Sindikatuko kideen esanetan, tailerreko beharginak eta bulegariak daude kaleratutako bost behargin horien artean. Seigarren lagun bat ere kaleratu dute, Bilbon. ELAk dio "salmenta-markak hautsi ostean" eta "ERTEen onurak jaso ostean" etorri direla kaleratzeok.

Iurretako Gaursa enpresan, gutxienez, bost langile kaleratu dituztela kritikatu du ELA sindikatuak. "Ez dakigu gehiago ote diren, baina gutxienez bost behargin kaleratu dituztela ziurtatu dezakegu. Tailer mekanikoko beharginak eta bulegari bi daude horien artean", azaldu du Ibai Cabrerok, ELA sindikatuaren idazkaritzako kideak. Sindikatuaren esanetan, sei kaleratze egon dira azken orduetan, Gaursa taldearen eskumeneko hainbat lantegitan. Bost lirateke Iurretako lantegietan kaleratutako beharginak, eta beste bat legoke Bilbon, autoak alokatzeko Gaursa taldeak duen tokian.

Sindikatuaren esanetan, enpresak "salmenta-markak hautsi ostean" egin ditu kaleratzeak. "Administrazioek enpresei eskaini dizkieten hobari guztiak jaso dituzte. Gizarte Segurantzaren hobariez gainera, PREVER planaren bidez diru publikoa biltzen jarraitu dute, tarte horretan salmenta-markak hautsi badituzte ere", azaldu du ELAk ohar batean. "Diru publikoaren sarrerak bukatu direnean hainbat urtetako antzinatasuna zuten langileak kaleratzea erabaki dute, lau langileri profesionaltasun eza leporatuta. Horrela, kalte-ordaina pagatu beharrik ez izatea bilatzen dute, diru publikoa xurgatzeko eta langileen eskubideak suntsitzeko beren politikari jarraituta", azpimarratu du sindikatuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!