Iurretan beharrizan duten familiak produktu freskoz hornitzeko bonuak kaleratu dituzte bigarrenez

Anboto 2020ko aza. 19a, 12:00

Herriko establezimenduetan trukatzeko beste 2.000 bonu kaleratuko dituzte, bost eurokoak. Iurretako Udalak COVID-19 birusak eragindako osasun krisiaren ondorioz egoera ahulean dauden familiei produktu freskoak (fruta, barazkiak, haragia edota arraina) lortzen lagundu gura die kaleratutako bonuekin. Horrela, "elikadura osasuntsua eta orekatua izateko", azaldu dutenez.

Gizarte-zerbitzuek egiaztatutako egoera sozioekonomikoan dauden iurretako  familiek eskuratu ahal izango dituzte bonuak, eta eskaria aurkezteko epea abenduaren 15era arte egongo da zabalik. Produktu freskoak erosteko bonua abenduaren 31ra bitartean egongo dira indarrean.

Onuradunek hilero jasoko dituzte beraien bonuak, aurrekontua agortu bitartean eta eskatutako baldintzak mantentzen badira.  Bonuaren zenbatekoa familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaren arabera zehaztuko da: heldu batek osatzen badu, 50 euro eta heldu bi edo gehiago badaude 80 euro. Adingabe bi arteko familiek 120 euro jasoko dituzte, hilean, eta, hiru adingabek edo gehiagok osatutako familiek, 150 euro. Herritarren Arretarako Zerbitzuan hartu daitezke bonuak, udal arduradunek azaldu dutenez.

Laguntza hauekin Iurretako Udalak "egoera sozio-ekonomiko larrian dauden udalerriko familien elikadura osasuntsua eta orekatua bermatzea nahi du, garapen fisiko eta emozional egokirako funtsezko elikagaiak izan ditzaten". Bonu horiek erosteko, lankidetza hitzarmena sinatu da herriko saltokiekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!