Iurretan fatxadak hobetzeko eta komunitateen irisgarritasuna hobetzeko diru-laguntzak bideratuko dituzte

Anboto 2020ko aza. 9a, 11:12

Gaur hasi eta azaroaren 20ra bitartean egin daiteke diru-laguntzak lortzeko eskaria. Iurretako Udalak 25.000 euroko diru-poltsa lotu du horretarako.

Diru laguntza lortzeko obrak 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarte bukatu eta ordaindu beharko dira, eta behar den lizentzia izan beharko dute. 

2009an onartu zuen Iurretako Udalak fatxadak eta estalkiak zaharberritzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta bizitegi-erabilera kolektiboko eraikinetan igogailuak jartzeko diru-laguntzak emateko udal-ordenantza. Etxebizitza komunitarioen irisgarritasuna, fatxaden estetika eta isolamendu termikoa hobetzeko bideratzen ditu diru-laguntza hauek udalak. Harrezkero, 290.000 euro banatu ditu diru-laguntzatan, 39 bizilagun-komunitateri dagozkien deialdien bidez.

Iñaki Totorikaguena Sarrionandia herriko alkateak dioenez, “bide horretatik jarraituko dugu lanean, bizilagunen komunitateei eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna mantentzen eta hobetzen laguntzeko. Garrantzitsua da eraikinak baldintzarik onenetan egotea.”

Bestalde, familia bakarreko etxebizitzetarako edo putzu septikoak mantendu eta berritu edo garbitu nahi dituzten baserrietarako epea zabaldu da, 15.000 euroko eta 5.000 euroko aurrekontuekin, hurrenez hurren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!