“2040an auto elektrikoak konbustiokoak baino gehiago egongo direla diote”

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 4a, 08:00
Gorka Mujika, Joseba Arregi eta Tomas Maguregi Iurreta LH Institutuko zuzendaria.

Gorka Mujika (Eibar, 1972) eta Joseba Arregi (Berriatua, 1967) Iurreta Lanbide Heziketa Institutuko irakasleak dira. Auto elektrikoen gaia geroago eta gehiago lantzen dute ikasleekin. Etorkizuneko teknologia elektrifikaziora bidean doan arren, oraindino ere parke mobil gehiena konbustiokoa da. Trantsizio momentua bizi dugu.

Errepidean geroago eta auto elektriko gehiago ikusten da, baina zein puntutan gaude?
Gorka Mujika: Elektrifikazioa errealitate bat da. Hor hibridazioa eta elektriko purua bereiztuko genituzke. Hibridazioa merkatuan dago gaur egun eta fabrikatzailerik gehienek modelo guztiak hibridatuta dituzte salgai. Horrek ematen du tiroi handia izango duela hamar urtera. Elektrikoan hastapenetan gaude oraindino. Eskaintza ez da oso handia, eta plazaratzea txikia da, urterik urte saltzen den portzentajea handitzen dabilen arren.
Joseba Arregi: Hazten dabilen merkatua da, baina merkatuan askoz ere konbustioko motor gehiago dago oraindino. Ematen du urte gutxian elektrikoa asko salduko dela. 2040an elektrikoak konbustiokoak baino gehiago egongo direla diote.

Autonomia aldetik, zelakoak dira auto elektrikoak?
Joseba Arregi: Indar eta erantzun aldetik, gasolinadun autoekin alderatuta berdinak dira. Autonomia beste kontu bat da. Bateriak asko ari dira eboluzionatzen, baina jo dezagun 200 kilometroko autonomia izan dezakeela. Gasolinadun batek 600 kilometroko autonomia izan dezake, eta gasoildun batek 1.000koa. Bigarren auto legez errazago ikusten dut. Kontuan izan behar da etxean edo lanean errekarga puntua dagoen.
Gorka Mujika: 200 kilometroko autonomia erreferentzia legez hartu daiteke. Jenderik gehienak egunean 200 kilometro baino gutxiago egiten ditu. Beraz, erabiltzaile arrunt batek ez du autonomia handiagorik behar. Ez da egun berean bidaia luze bat egiteko, baina lanera joateko erabili daiteke.
Joseba Arregi: Prezioa izan daiteke arazoa. Auto elektriko txiki bat 28.000 euro inguruan dago. Gasolinan, kotxe hori 17.000 euroan dago. Prezioa bikoiztu egin daiteke.

Eta abantailak?
Gorka Mujika:
Ez du kutsatzen. Garbiak da. Erabiltzaileentzat mantenua ere abantaila da.
Joseba Arregi: Erroberak, frenoak...mantenua erraza da.
Gorka Mujika: DGTak ematen duen etiketa izanda, emisiorik bako ibilgailu legez abantaila asko ditu. Hirietara sartu ahal izateko baimena, abantaila fiskalak, aparkalekuak doan, taxien bidetik ibili daitezke, kargatzeko aukera merkataritzaguneetan...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!