“Prostituzioa ez zen inola ere gai txikitzat hartu agintari kolonialen eguneroko agendan”

Aritz Maldonado 2020ko aza. 1a, 10:00

Begoña Etxenagusia iurretarrak 1912tik 1956ra bitartean Marokoko protekturatuan izandako prostituzioa aztertu du liburu batean.

Nondik dator gaiarekiko interesa?
2010. urtean, nire ohiko lanean bederatzi hilabeteko eszedentzia hartu eta Tarragonako Rovira i Virgili (URV) Unibertsitatera joan nintzen. Asteburuetan, aste bitarteko kazetaritza ikasketez gainera, Nazioarteko Lankidetzako unibertsitate espezialista graduondokoa egitea erabaki nuen. Sasoi hartan, udaberri arabiarrak lez bataiatu zen fenomenoa pil-pilean zegoen eta Tunisiaren inguruko lan bat egitea erabaki nuen kurtso hau burutzeko. Egia esan, egonda nengoen herrialde honetan urte batzuk lehenago, lagun bategaz, oporretan, eta autoan zeharkatu genuen zati handi bat. Ikerketa txiki hori aurrera eramateko, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren (AECID) txosten bat irakurri nuen, eta bertan aro kolonialean prostituzioa Abdallah-Guèche auzunean kontzentratu zela adierazten zen; baita gaia ez dagoela oso ikertuta ere. Horrek gaiarekiko interesa piztu zidan. Geroago, tesia egitea erabaki nuenean, nire tesi zuzendariaren, Eloy Martín Corralesen, aholkuei jarraitu nien eta Marokora begira ipini nintzen, iturri primarioak erabili behar izanak bultzatuta, Tunisia eta Egipto alde batera utzita.

Zergaitik uste duzu dela hain ezezaguna prostituzioa Espainiako protektoratuaren kasuan?
Joseba Sarrionandiak Moroak gara behelaino artean? saiakeran Miguel de Unamunoren bertso bati erreferentzia egiten dion moduan, izenburuak ezkutatu egiten du, zelanbait, gure ikerketaren xedearen presentzia. Zergaitik? Sasoi hartan, agintari kolonialek prostituzioa erregulatzeko erabakia hartu zuten, argi eta garbi. Alde batetik, euren nagusitasun morala tokiko agintarien eta herritarren aurrean indartzeko, baina baita ere oso garrantzitsua zen erlijio eta klase anitzeko izaera zuen gizarte batean sortutako oztopo ikusezinei eusteko.

Kontuan izan behar dugu Marokoko espainiar protektoratuan (berez, eragin eremua) ikertu bako gaia izan dela hau, eta Afrika kontinenteko gainerako hispaniar eremu kolonialetan ere gauza bera gertatu dela; hau da, Saharan, Ifnin eta Ginean. Sarritan galdetzen diot neure buruari gaur egun ere ea putz egiteko prest gauden laino lodi hori urruntzeko.

Anbito edo prostituzio mota bi aipatzen dituzu. Zeintzuk dira desberdintasunak?
Bai, hobeto esanda, prostituzio-eremu bi gainjarri ziren aldi berean: Espainiatik etorritako emakumeena, kintoen soldadu eta kolonoei zuzendutakoa (baina ez bakarrik hauei); eta marokoarrena, batez ere soldadu profesionalei eta marokoarrei zuzendutakoa. Kontuan izan behar dugu herrialde honetan kolonizatzaileek ezarritako mugak porotsuak zirela, tinkoak baino gehiago, eta prostituzioan aritzen ziren emakume hauek toki batetik bestera mugitzeko beharra erakutsi zutela, eta gauza bera gertatu zela prostituzioaren esparru bi horiekin ere. Zer esan gura dut? Ba, legeak, sarritan, ez betetzeko daudela, batez ere prostituzio klandestinoaren praktikak hartu zuen garrantzia kontuan hartzen badugu edo adingabeen egoera ikusten badugu testuinguru horretan. Solasaldi hau amaitzeko, azpimarratu gura nuke prostituzioa ez zela inola ere gai txikitzat hartu agintari kolonialen eguneroko agendan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!