Zelakoa izan da esperientzia?
Oso ona! Pozarren nago egindako lanagaz. Mundu osotik etorritako jendeagaz lehiatu naiz Europako Txapelketan. Mundiala izan da! Nork esango zuen nire adinagaz Bikini fitnessean lehiatzen hasiko nintzela, Europako txapelketan arituko nintzela. Fitnessak konstantzia eta sakrifizioa eskatzen ditu, baina edonork egin dezake. Urriaren 31n Alacanten dudan txapelketa dut orain erronka, eta ilusio handiagaz nago. Gainera, Europako txapelketan onenekin ikasteko aukera izan dut (Rocio Lopez Corchero, Cristobalina, Veronica Gallego...). Gogor lan egin beharko dut goian egoteko.
Entrenamendu saio gogorrak daude emaitza horien atzean.
Bai. Egunero ordu bi edo bi eta erdi ematen ditut entrenatzen. Horrez gainera, ariketa kardiobaskularren 40 minutuko saioak egiten ditut, eta posing-a (araudiko poseak giharrak erakusteko) landu. Batez ere, asteburuan entrenatzen naiz. Hala ere, muskuluek eskertzen dute atseden egun bat hartzea. Bikini fitnessean, oso linea femeninoa lantzen da; leuna, sotila. Sorbaldari eta aldakei begiratuta, gorputzak 'X' forma duen kontuan hartzen du epaimahaiak, gerri estuagaz. Hori erakutsi behar dugu posing-ean. Ipurdia ere asko landu behar da.
Zein da zuretzat gorputzeko atalik zailena lantzeko?
Izterrak, (koadrizepsak, femorala...). Oso mingarria da. Lehenengo, muskulua hazteko lan egiten dugu, eta gero giharra findu eta finkatzeko. Elikadura eta entrenamendua ezinbestekoak dira horretarako.
Zelan hasi zinen fitnessean?
Beti egin zait deigarria, eta sasoika ibili naiz gimnasioan. Baina hamabost urtean spinning egin dut. Ez nuen giharretan eraginik ikusten eta fitnessagaz tartekatzen hasi nintzen orain urte bi. Orduan ezagutu nuen entrenatzailea eta bikotekidea dudan Andoni. Ondo ezagutzen du mundu hau. Dena batu zen. Denbora gutxira, spinninga utzi eta elikadura aldatzen hasi nintzen. Gorputzak erantzuten zuela ikusi nuen, emaitzak ikusi nituen, eta gaur arte jarraitu dut.
Zerk animatu zintuen lehiatzera?
Inguruko askok lehiatzeko prest nengoela esaten zidaten eta erronka pertsonal modura hartu dut. Gero konfinamendua etorri zen, eta apur bat atzera egin nuen, entrenatzen jarraitu arren. Hala ere, serio ipini eta aukera sortu zen.
Elikadura oso garrantzitsua da fitnessean. Baskula etsai duzu?
Ez. Fitnessean lehiatzeko, %70 elikadura da, eta oso dieta zorrotza bete behar dut, bai, baina horrek ez du esan gura ez dudanik jaten. Argal egotea osasuntsu egoteagaz nahastu dute askok, dieta bat jarraitzea argal egoteagaz. Ez du zerikusirik. Jan behar dudan proteina edo hidrato kopurua jakiteko pisatzen naiz. Linea zehatz bat lortzea da nire helburua. Begira ematen duena da garrantzitsua, ez pisua.
Izaten duzu tentaldirik?
Bai. Oso gozozalea naiz. Dena dela, lehiatzen ez garenean, egun batean, jatordu batean, gura duguna jan dezakegu. Txokolatezko palmerak jateko aprobetxatzen dut nik.
Beldur zara muskulu lar hartzeko?
Ez. Ez da batere erraza muskulua garatzea. Elefanteak beste jan beharko nuke, eta entrenamendu ikaragarriak egin. Jendea oso oker dago.
Zer eman dizu fitnessak?
Ongizate orokorra, poztasuna. Oso osasuntsu sentitzen naiz. Bizitzeko era bat da. Hiru orduro jaten dut, gorputza etenik barik aktibo mantentzeko. Gorputzak ezinbestekoa du jatea. Asko ikasi dut elikaduraz.