Iurreta Plazaratuk abadetxea zabaldu du herriko bizitza kulturala sustatzeko

Ekaitz Herrera 2020ko urr. 10a, 15:00

Iurreta Plazaratu dinamikak abadetxea zenaren ateak zabaldu ditu berriro ere, herriko "bizitza soziokulturala sustatzeko asmoz". Herrira zabaldutako espazioa izatea gura dute, eta eraikina erabiltzeko aukera eman gura diete interesa duten norbanako eta elkarte guztiei.

Urte luzez erabilera barik egondako abadetxeari bizitza berri bat ematea erabaki du Iurreta Plazaratuk. Eraikineko ateak zabaldu ditu gaur, eta aurrerantzean herriko bizitza kulturala sustatzeko espazio bat sortuko du bertan. Dagoeneko ekintza batzuk antolatu dituzte. Esate baterako, Eñaut Aiartzaguena ilustratzaile eta artistak ipuin-kontaketa saioa eskainiko du, bihar, 17:30etan. Dinamikako kideek azaldu dute herriko elkarteak gonbidatuko dituztela espazio berrira, eta, bizilagunekin ere batuko direla, elkarbizitza zaintzeko asmoz.

Eraikina gotzaindegiarena da. Baina duela bi urtetik hona, Iurreta Plazaratuk hainbat bider eskatu izan du eraikinaren irekiera, "plaza eta herria bizitzeko espazio garrantzitsua" dela defendatuta. Horren adibide modura ipini dituzte otsailetik hona gotzaindegiari egindako eskariak. Ekainean, adibidez, 500 iurretarrek eta 27 elkartek babestutako eskaria bidali zioten gotzaindegiari. Erabilera adosteko proposamen zehatz bat jasotzen zen bertan, baina, Iurreta Plazaraturen esanetan, "denbora honetan guztian gotzaindegiaren partetik ez da inolako erantzunik heldu". Hori ikusita "eraikina erabiltzen hastea" erabaki dute, "abadetxea herriarena delako".

Erabilerarik bako eraikina

Iurreta Plazaratuk dioenez, abadetxea 1739an eraiki zuen Iurretako Udalak, eta ordu hartan sinatutako hitzarmenaren arabera, "beharrizanik edukiko ez zutenean, erabilera udalari bueltatzea" adostu zuten. Gerora, 1898an, eraikina gotzaindegiaren izenean inskribatua egon zela dio dinamikak. "Elizako funtzioetarako aparte, XX. mendean herriko mugimendu eta talde askoren elkargune izan zen, Julen Kaltzada abadeak lehenik eta gero beste zenbait abadek ateak zabaldu zituztelako". Horregatik guztiagatik, Iurreta Plazaraturen esanetan, "bada ordua ateak irekitzeko, herriarena dena herrira bueltatzeko". 2006an erre zenetik hutsik dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!