[GUTUNA] Iurretako Jai Batzordea: "Aurten ez dugu San Migel jairik ospatuko"

Anboto 2020ko ira. 17a, 14:00

"Pena handiz hartu dugu erabaki hori, baina denon osasunerako onena dela pentsatuz", azaldu dute gutun batean,

Hona Iurretako Jai Batzordekoen gutuna osorik:

Hertzainak taldeak zioen bezala, ez dira betiko garai onenak, eta mezu honen bidez iurretarrei jakinarazi gura diegu aurten ez ditugula sanmigelak ospatuko. Pena handiz hartu dugu erabaki hori, baina denon osasunerako onena dela pentsatuz. Herritarrei ere zentzuz jokatzeko deia egin gura diegu.

COVID-19aren epidemiaren eraginez bizitako konfinamendua eta gero, Jai Batzordeko kideak elkartzen hasi ginen egoera aztertzeko. Argi geneukan aurten ez zela jairik egingo. Hala ere, kulturagaz dugun konpromisoari jarraituta, gure herrian hain garrantzitsu diren data hauen bueltarako kultur egitarau txiki bat antolatzen hasi ginen. Oraintsu, egun horietan ekintzarik ez garatzeko irizpidea ezarri du udalak eta, beraz, Jai Batzordeak prestatutako kultur eskaintza udazkenean zehar zabalduko da. Datozen egunetan emango dugu horren berri.

Kultura segurua eta beharrezkoa da. Bizi dezagun udazken koloretsu bat, urte berriagaz sanmigelak barriro loratuko diren esperantzan. Segi dezagun denok jai herrikoi eta partehartzaileen aldeko lanean, eta gazte belaunaldi berriak horretara batzera animatu nahi ditugu.

Zaindu gaitezen. Besarkada bat COVID-19aren ondorioz sufritzen ari direnei.

Gora etorkizuneko sanmigelak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!