Kultura sustatzeko egitarau berria abiatuko dute Iurretan

Anboto 2020ko ira. 4a, 12:35

Kultura sustatzeko eta herria dinamizatzeko kultur egitaraua prestatu du Iurretako Udalak: ' Iurreta Kultura Bultzatuz 2020'. Abendura bitartean luzatuko den programa irailaren 11n abiatuko dute Xabi Larrearen Up!!! ikuskizunagaz. Irailaren 12an, Turisteando eskainiko du Tratu Zaharra konpainiak.

Zirkoa eta umorea ditu ardatz Up!!! ikuskizunak. Abilezia eta zentzugabekeria baliatuko dituen pertsonai grinatsu eta xelebrearen azalean sartuko da Xabi Larrea, ironia eta energiaz betetako ikuskizuna eskainiz. Eguneroko gertakizunei aurre egiten dio, oreka eta grabitatearen mugekin jolastuz. Askondoko karpan izango da hitzordua, irailaren 11n, 19:00etan.

Irailaren 12an, bestalde, Turistreando obra taularatuko du Trapu Zaharra konpainiak. Bidaia-agentzia batek (Viajes San Fernando) industria-turismoaren eta masa-turismoaren ingurumen-ondorioak minimizatzeko kanpaina aitzindari bat abiaraztea erabaki du.
Bidaia birtualen diseinua du oinarri produktu berri horrek:"Gozatu zure oporrak munduko edozein lekutan, zure etxeko besaulkitik". Horretarako, neurrira egindako oporrak prestatzeko aplikazio bakar eta pertsonalizatua programatu gura du.Aplikazio horietako bat diseinatzen lagunduko du ikusleak. Askondo karpan izango da hitzordua, ordu  berean.

Ikuskizun guztiak Covid-19rako ezarritako segurtasun-protokoloak betez gauzatuko dira. Beraz, edukiera mugatua izango da, sarrera nahitaezkoa izanik. Nahitaezkoa izango da maskara eta gel hidroalkoholikoa egongo da. Eserita eta aurretik esleitutako eserlekuen artean 1,5 metroko segurtasun-distantzia bermatuko da eta sarrera eta irteera mailakatua izango da.

Sarrerak doakoak izango dira eta datorren astelehenetik aurrera jaso ahal izango dira Ibarretxe kultur etxean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!