20 minutuko gehienezko aparkaldiak Iurretako botikaren eta postetxearen inguruetan

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 2a, 10:08
Bixente Kapanaga kalea. TAO gune berdea botikaren aurrealdean.

Udalak txandakako aparkaleku sistema ezarri du Bixente Kapanaga eta Bidebarrieta kaleen eremu banatan. 20 minutuko aparkaldiak egin ahalko dira, gehienez, bi gune horietan.

Iurretako Udalak aparkalekuari buruzko udal ordenantzaren (TAO) aldaketa onartu du eta errotazio handiko gune bi sortu ditu horregaz. Berrikuntza nagusia da gehienez ere 20 minutuz aparkatu ahalko dela Bixente Kapanaga kaleko 1 zenbakitik 7ra bitartean (botikaren parean) eta Bidebarrieta kaleko hainbat aparkalekutan. "Txandakatze handi horri eskerrak, gestio eta erosketarik azkarrenak zailtasunik barik egin ahal izango dira, tokiko merkataritzari mesede eginez", azaldu du udalak. Txandakako ordutegia honakoa da: 9:00-13:30, 16:30-19:30 (astelehenetik barikura) eta 9:00-13:30 (zapatuetan). 

Bestalde, Ibarretxe kultur etxearen ondoko errotazio urdineko gunea 15 plaza gehiago eginda handitu dute. Gehienez ere ordu eta erdiz aparkatu ahalko da bertan. Egoiliarrentzako aparkalekua, laranja kolorekoa, Ibarretxe, Bidebarrieta, Maspe eta Zubiaurreko aparkalekuetan mantenduko da. Aparkaleku libreko guneek berdin jarraituko dute Paduretan eta Bideondon.

Bidebarrieta kaleko esparru batean TAO gune berdea ipini dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!