Iurretan kultur etxetik eskola eremuraino sigi-sagan joango den oinezkoentzako bidea egokituko dute

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 15a, 11:15
Gaur goizean aurkeztu du proiektua Iñaki Totorikaguena alkateak.

Ibarretxe kultur etxetik eskola eremura iristeko dauden eskaileren paretik abiatuko da 133 metro inguruko arrapala berria, eta sigi-sagan joango da Haurreskolaraino. Irisgarritasuna bermatzeko ibilbide horrek %6 malda izango du. Obrak 160.000 euroko inbertsioa eskatuko dio Iurretako Udalari, eta urrian hastea aurreikusi du Iñaki Totorikaguena alkateak.

Oinezkoentzako bide berria hormigoi inprimatuzkoa da, eta dagokion argiteria izango du, Iurretako alkateak azaldu duenez. Zuhaiztiak eta jarlekuak ipiniko dituzte ibilbidean zehar, eta, arrapalen artean legarrez estalitako ibilbideak ere egokituko dituzte. "Irisgarritasuna hobetzeagaz batera, inguruan paisai-efektu positiboa lortzea" izan dute helburu, Totorikaguena argitu duenez. Proiektu guztia garatzeko 2.500 metro koadroko lurzorua bereganatu du udalak, desjabetzaren bidetik. Horrek, 30.000 euroko kostua izan du.

Proiektua martxoan onartu zuen Iurretako Udalak, hala ere, COVID-19 birusak eragindako krisiaren eraginez atzeratu egin behar izan dituzte lanak. "Aste Santuaren bueltan genuen aurreikusita lanak hastea. Hala ere, atzeratu beharrean izan gara". Lanak esleitzeko prozesuan sartuta dago orain udala. Eta, kultur etxetik eskola-eremura iristeko oinezkoentzako ibilbidea egiteko lanak urrian hasi gura dituztela azaldu du alkateak. Hiru hilabeteko epea izango du lanen ardura hartzen duen enpresak obra amaitzeko. 

Herriko frontoitik ere heldu daiteke eskola-eremura. Hala ere, herritarrek gehiago erabiltzen dituzte herrigunetik hurbilago dagoen eskailera bidea, kultur etxearen atzetik doana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!