Beharrizana duten familiak produktu fresko galkorrez hornitzeko 2.000 bono kaleratu dituzte Iurretan

Aitziber Basauri 2020ko uzt. 3a, 10:47

COVID-19 birusak eragindako osasun krisiaren ondorioz egoera ahulean edo gizarte larrialdian bizi diren familiei laguntzeko 10.000 euro bideratuko ditu Iurretako Udalak. Bost euroko 2.000 bonu jaulki dituzte establezimenduetan trukatzeko. Udalak, aho batez, Koronabirusak eragindako behar sozio-ekonomikoei aurre egiteko neurrietako bat da hau.

Elikagai galkorrak (fruta, barazkiak, landareak, haragia eta arraina) erosi ahal izango dira bono horien bitartez, "elikadura osasuntsua eta orekatua izateko", udal arduradunek azaldu dutenez. Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) emango dira bono horiek eta gizarte-zerbitzuek egiaztatutako egoera sozioekonomikoan dauden herriko familiek eskuratu ahal izango dituzte. "Pertsona horiek garapen fisiko eta emozional egokirako funtsezko elikagaiak izan ditzaten" laguntza hau bideratzea "beharrezkotzat" jo du udalak. Gaineratu dutenez, "produktu freskoak garestiak dira, eta gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonei produktu ez-galkorrak eman ohi dizkieten erakundeek ez dituzte produktu horiek ematen (Elikagaien Bankua, JAED, etab.)".

Onuradunek hilero jasoko dituzte beraien bonuak, aurrekontua agortu bitartean eta eskatutako baldintzak mantentzen badira. Familia unitatearen kide kopuruaren arabera zehaztuko da bonoen zenbatekoa: heldu batek osatzen badu, 50 euro eta heldu bi edo gehiago badaude 80 euro. Adingabe bi arteko familiek 120 euro jasoko dituzte, hilean, eta, hiru adingabek edo gehiagok osatutako familiek, 150 euro. Zenbateko horiek ezin dira metatu. Bonu horiek erosteko, lankidetza hitzarmena sinatu da herriko saltokiekin.

Abenduaren 15era arte egin daitezke eskaerak, eta abenduaren 31 bitartean izango dira indarrean bonoak.

Laguntza gehiago

Autonomo, denda, ostalaritza eta abarrentzako 75.000 euroko dirulaguntzak argitaratuko dira uztailaren erdialdean, eta hil honen bukaera arte eskatu ahal izango dira. Irailean, merkataritzarako eta ostalaritzarako bonuen kanpaina jarriko da martxan. Horretarako 20.000 euro bideratuko dira eta abenduaren erdialdera arte luzatuko da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!