Maspetik Bidebarrietarako sarbidea hobetzeko proposamenak jaso du babes handiena Iurretako aurrekontu partehartzaileetan

Aitziber Basauri 2020ko eka. 22a, 18:42

Iurretarrek eurak egindako 10 ekarpenek artean, boto gehien batu dituena izan da hori: Maspe kaletik Bidebarrietara gasolindegitik sartzeko bidea hobetzeko proposamena; 88 boto, hain zuzen ere. Guztira 130 iurretarrek parte hartu dute 2020ko aurrekontu partehartzaileetan bozka emanez, ekainaren 1etik 14ra bitartean. 

Zubiaurre 2 kalean espaloia eta hondakinak biltzeko gunea ere berrituko dute aurtengo aurrekontu parte hartzaileen barruan; baita Euskaldun Berria parkeko adinekoentzako gimnasia eremua handituko ere. Guztira 52.300 euro erabiliko ditu Iurretako Udalak proiektu horiek gauzatzeko.

Dena den, Iurretako Udalak kontuan hartuko ditu egindako beste zenbait ekarpen "garrantzitsu". Adibidez, bainu publikoa eraikitzeko proposamena, "etorkizunean udalak egingo dituen inbertsioei lehentasuna emateko", azaldu dute udal arduradunek.

Honakoak proposamenak bozkatu dituzte iurretarrek:

  • Maspe kaletik Bidebarrietara gasolindegitik sartzeko bidea
    hobetzea: 20.100 euro ( 88 boto)
  • Hirigunean bainu publikoa jartzea: 50.000 euro (76  boto)
  • Zubiaurre 2an espaloia eta hondakinak biltzeko gunea berritzea: 27.200 euro (69 boto)
  • Kultur etxearen ondoko jolas-gunea (mahai-futbola eta ping pong): 12.500 euro (62 boto)
  • Euskaldun berria parkeko helduendako gimnasia eremua handitzea: 5.000 euro  (47 boto)
  • Beresi aldean kalistenia-parkea jartzea (aire zabaleko kirola): 22.300 euro (36 boto)
  • Oinezkoentzako eremua seinaleztatzea eta argiteria hobetzea Zaldai bidean: 19.300euro (35 boto)
  • San Andres auzoko argiteria hobetzea:46.650 euro (25 boto)
  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko gunea instalatzea: 45.000 euro (25 boto)
  • Informazio-panel digitala jartzea Bixente Kapanagan: 30.000 euro (22 boto)

COVID-19 birusaren eraginez, botoa online emateko aukera izan dute iurretarrek, sare sozialen bidez eta udaleko webgunearen bitartez. Aurrez aurre bozkatzeko aukera ere egon da, Herritarren Arretarako Zerbitzuan eta prozesuan parte hartu duten dendetan jarri diren postontzietan. Informatzeko karpa jarri zuten ekainaren 4an, eta bertan ere izan zen bozka emateko aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!