Aurrekontu parte hartzaileetan iurretarrek egindako ekarpenetatik hamar pasa dira bozketa-fasera

Aitziber Basauri 2020ko mai. 30a, 12:02

Aurrekontu parte hartzaileen prozesua zabaldu du Iurretako Udalak, aurten ere, herritarrek egindako proposamenak udal aurrekontuan islatuta geratu daitezen. Batutako 120 proposamenen azterketa teknikoa egin ondoren, 10 proiektu aukeratu dituzte bozketa-fasera pasatzeko. Ekainaren 1etik 14ra parte hartu daiteke bozketan. Iurretan erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek bozkatu dezakete. 50.000 euro lotu dituzte proiektuak garatzeko.

Online bozkatu ahal izango da sare sozialen eta udalaren webgunearen bitartez. Bestela, etxebizitza guztietara helezariko den liburuxkan ere aukeratu ahal izango dira lehenetsitako proiektuak. Bide hori aukeratuz gero, liburuxkak Herritarren Arretarako Bulegoaren(HAZ) inguruan jarritako postontzian utzi beharko dira. Baita prozesuan parte hartuko duten hainbat dendatan jarri diren hautestontzietan ere. Ekainaren 4an, informaziorako karpa jarriko dute Dantzari auzunean, goizez eta arratsaldez, eta bertan ere utzi daiteke liburuxka aukeratutako proiektuekin.

Bestalde, sakabanatuen dauden inguruetara ere hurbilduko  dira, ekainaren 9an, han bizi diren herritarrei informazioa emateko eta parte hartzera animatzeko, udal arduradunek azaldu dutenez.

Prozesua zabaltzeko, aurrez aurreko saioak egitea zuen aurreikusita Iurretako Udalak, bai zegoen nagusien etxean bai ikastetxeetan. "Hala ere, COVID 19k sortutako osasun-larrialdiak ezinezko egin du. Egoera hori arintzen saiatzeko, partaidetza azpimarratuko da sare sozialen bidez eta udalerri osoan informazio-kartelak jarriz", adierazi dutenez.

Aukeratutako proiektuak:

  • Maspe kaletik Bidebarrietarainoko pasabidearen irisgarritasuna
    gasolindegitik hobetzea: 20.100 euro.
  • Zubiaurre 2ko espaloia eta hondakinak biltzeko gunea
    eraberritzea: 27.200 euro.
  • Oinezkoentzako gunea seinaleztatzea eta argiteria
    hobetzea Zaldai bidean: 19.300 euro.
  • San Andrés auzoko argiteria hobetzea: 46.650 euro.
  • Ibilgailu elektrikoentzako karga-puntua instalatzea: 45.000 euro.
  • Hirigunean komun publikoa jartzea: 50.000 euro.
  • Beresi gunean kalistenia-parkea jartzea (aire zabaleko kirola):  22.300 euro.
  • Kultur etxearen ondoko jolasgunea (futbolina eta ping pong): 12.500 euro.
  • Euskaldun berria parkeko adinekoentzako gimnasia gunea handitu: 5.000 euro.
  • Bixente kapanagan informazio panel digitala instalatzea: 3.000 euro.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!