Kimuak aisialdi taldeak bertan behera utzi behar izan ditu udalekuak, egoerak hala behartuta

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 29a, 10:24
Iaz Kimuak taldeak egindako irteera bat.

Hiru udaleku programa utzi behar izan dituzte bertan behera. Uztailerako alternatiba bat bilatzen ari dira, neska-mutikoei gutxieneko eskaintza bat eman ahal izateko. Mendi ibilaldi bat antolatzea dute buruan. 

Iurretako Kimuak aisialdi elkarteak bertan behera utzi behar izan ditu uda honetarako aurreikusita zituen udalekuak. "Ikusten genuen osasun agintariek udalekuak egin ahal izateko markaturiko protokoloak ez zirela eramangarriak umeekin. Umeek ezingo zuten berdin disfrutatu. Beraz, dena alde batera uztea erabaki dugu", azaldu du Nahia Arrese Kimuak taldeko kideak.

90 bat neska-mutiko, udaleku barik

Hiru udaleku egitea aurreikusita zuten: egonaldi finko bat Sarrian (Araba), udaleku finko-ibiltari bat Sarriatik hasi eta Arrasateraino eta udaleku ibiltari bat Sarriatik Iurretara. "Txikienen taldean 20 bat ume geratuko dira udalekurik barik. 40 inguru adin ertaineko taldean, eta beste 30 bat nagusien taldean", azaldu du Arresek.

Uztailerako alternatiba bat bilatzen ari dira, neska-mutikoei gutxieneko eskaintza bat eman ahal izateko. Mendi ibilaldi bat antolatzea dute buruan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!