Tokiko kontsumorako txekeak sortzea eta gizarte-laguntzetarako aurrekontua berrikustea proposatu du Iurretako EH Bilduk

Aitziber Basauri 2020ko mai. 18a, 13:40

Iurretako EH Bilduk hainbat proposamenen aurkeztu dizkio Gobernu Taldeari, azaldu dutenez, "denon artean eta elkarlanaren bidez krisi honi eta bere ondorioei aurre egiteko". Udal-tasak berriro kalkulatzea eta egutegi-fiskal "magua" bultzatzea ere proposatu dute.

Gizarte laguntzetarako aurrekontua berrikustea proposatu EH Bilduk. IZan ere, Durangaldeko amankomunazgoaren bitartez eskaintzen ditu gizarte zerbitzuak Iurretako Udalak, eta, Eusko Jaurlaritzak gizarte-larrialdietarako bideratutako diruarekin igo egin da gizarte-laguntzara bideratutako dirua. Hala gogoratu du EH Bilduk. Ildo horretan, "sortzen ari diren beharrak direla eta, diru gehiago behar bada, udalak horren berme izan beharko lukete", azaldu  dutenez.

Bide horretan, EH Bilduk gaineratu duenez, "oinarrizko gastuei (elikadurari, alokairu edo hipotekaren ordainketari edo oinarrizko beste gastu batzuei) aurre egiteko zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonak gizarte-zerbitzuekin harremanetan jartzea, dauden laguntzen berri izatea, eta horiek eskura izatea garrantzitsua da". Horregaitik herritargoan informazioa zabaltzea proposatu du.

Kontsumo txekeak eta 'online' programazioa

Bestalde, tokiko kontsumorako txekea sortzea proposatu dio Udal Gobernuari EH Bilduk. Herriko merkatari eta ostalari guztiei eskainiko zaie kanpainagaz bat egitea, eta herritarrek txekeak eskuratzeko epe bat izango lukete, argitu dutenez. Txeke kopuru mugatua proposatu dute, eta horien balioaren erdia udalak hartuko luke bere gain, beste erdia herritarrek jarriko lukete. "Modu honetan herriko merkataritza eta ostalaritzara bideratzen den zenbatekoa bikoiztuko da", azaldu duenez. Konfinamenduk irauten duen bitartean herriko artistekin 'online' programazioa eskaintzea ere proposatu dute.

Egutegi fiskal malgua

OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren edota EJZ Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren ordainagirien ordainketak 2020ko abenduaren 31ra arte atzeratzea proposatu du EH Bilduk, "interesik gabe, zatika edo osorik". Ur, hondakin, bide publikoaren okupazio eta pasabideen gaineko tasen kasuan ere berdin egitea proposatu dute. Bestalde, zenbait udal-tasa birkalkulatzea planteatu du EH Bilduk, "alarma-aldian zerbitzua emateari utzi zaiolako edo zerbitzuez gozatzeko modua aldatu egin delako", diotenez. Hartara,  %25eko beherapena aplikatzea proposatu du, "bai zerbitzua bertan behera geratu denetan bai mantendu denetan, nahiz eta aldatu".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!