“200 lagun jesarrita erromeria bat entzuten... ez dakit zelan aurre egin horri”

Igor Galarza 2020ko mai. 17a, 11:00

Doinu gutxi entzuten dira plazetan konfinamendu sasoian. Luhartz erromeria taldeko Rafa Iriondo soinujole eta tekla-jotzaileak horixe du ogibide, jendea musikaren bitartez entretenitzea. Baina musikariei oraindino denbora asko falta zaie oholtzara itzultzeko.

Zenbaterainoko kolpea izan da zuentzat gelditzea?
Alde positiboari begiratuta aurre egin diogu egoerari. Martxo erdira arte, betiko moduan joan zen, bide onetik. Une hartan, bat-batean harrapatu gintuen. Ahalegina egin dugu ahalik eta emanaldi gutxien geratu daitezen bertan behera. Datak atzeratzea izan da irtenbide bat, eta batzuk, adibidez, urrira pasatu ditugu.

Ez da erraza musikarien egoera.
Kulturalki, autonomoak gara. Profesionalak garela esan dezakegu, eta gure gastuak ere baditugu. Ezin esan lasai egon gaitezkeenik, baina ni neu beti izan naiz baikorra, eta orain ere bai. Ez dugu etsiko egoera honetan.

Gizarteak zaintzen al ditu kulturgileak?
Kulturarekiko trataera bi ezagutzen ditugu Euskal Herrian: Hegoaldean funtzioaren iraupenaren arabera kalkulatzen da jardunaldia; Iparraldean, ostera, egindako funtzio bakoitza hamabi bat orduko jardunaldi baten baliokidea da. Frantziako Estatuan kulturgile lez erretiroa hartu zuen lehenengo pertsona Iparraldekoa izan zen. Hegoaldean, ostera, gatx da musikariok bateratzea, bakoitzak bere helburua duelako.

Eta erromeriak bueltatzean, dena izango da berdina?
200 pertsona jesarrita erromeria bat entzuten… ez dakit zelan aurre egin horri. Beste era batera heldu beharko diogu. Baina aldeak ikustea komeni da: ez da berdina Bilboko Kobetamendin 20.000 lagun sartzea edo Iurretako Bakixa auzoko jaiak antolatzea. Beste gauza asko daude erromeriak baino okerrago. Kostatu egingo da normaltasunera bueltatzea, baina euskaldunok horrelakoak gara, jai zaleak, gure ardoa edatera goazenak. Beldur gara ez dakigulako datorren urtean ere zelan egongo garen, baina ni baikorra naiz.

Koronabirusak udara biderako sasoian harrapatu zaituzte.
Udaberrian, martxo eta apiril bueltan, denbora hartzen dugu gure abestien zerrenda gizentzeko eta abesti batzuk ikasteko. Aurten ere asmo hori geneukan, ohi baino abesti gehiago ikastea. Eta horretan jarraitu dugu asteotan, beste era batean ikasiz.

Zelan aldatu dira entseguak?
Orain arte astean behin geratzen ginen entseguak egiteko. Orain, ostera, bakoitza bizi den lekutik grabatu, eta, teknologia berriek laga diguten heinean, ikasten aritu gara. Bateria doinuak grabatzen hasi, baxu, gitarra eta teklatuekin jarraitu, eta, azkenik, ahotsa grabatu. Asko kostatzen da, hori bai. Hasieran, gainera, bromatzat hartuta hasi ginen, baina jendearen berba onek animatu gintuzten aurrera jarraitzen. Horrek erakutsi digu jendeak ez gaituela ahaztu, eta proposamenak ere bidali izan dizkigute.

Zer gertatuko da etorkizun hurbileko planekin?
Zer egin genezakeen pentsatzen ere aritu gara. Izan ere, ez dago ezer argirik oraintxe bertan. Lotuta ditugun kontratuei begira, Bilbok esaterako, ez digu ezer esan, gauzak dauden horretan geratuko direla oraingoz. Bestalde, auzo txikietakoak bertan behera utzi dituzte. Beraz, noraezean gabiltza. Ameriketako Estatu Batuetara egiten dugun bidaia ere bertan behera geratu da aurten. Pena da. Opor moduan hartzen genuen lan bat zen, baina tira, datorren urtean izan beharko du.

Eta Durangaldeko jaietatik? Berririk?
Durangaldeko herrietatik ez dugu informaziorik jaso. Uste dut jendea zer gertatuko den itxaroten dabilela; baita antolatzaileak ere. Aurrera ala atzera egin behar duten behingoz esatea gura genuke, beste zerbait pentsatu dezagun. Terrazetan jo behar badugu, joko dugu.

Bide berririk aztertu duzue?
Egin izan dugu lan jai pribatuetan, eta hori egin behar badugu, egingo dugu. Errepertorioan aldaketaren bat egin behar bada ere, egingo dugu. Aukera asko ari gara aztertzen, eta, adibidez, soluzioa erromeria streaming bidez egitea bada, beharbada egingo dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!