“Nire ibilbideko sasoirik onenean amaitu nuen urtea, eta martxoan berriro onenean nengoen"

Aitziber Basauri 2020ko mai. 16a, 10:00

Gurutze Frades triatleta iurretarra Peñiscolan (Herrialde Katalanak) entrenatzen da neguan, eta koronabirusak bertan harrapatu zuen denboraldiari aurre egiteko sasoian, Hegoafrikako Ironmana aurrean zuela. Peñiscolan jarraitzen du eta ziurgabetasun egoera argitzen joan ahala erabakiko du zer egin.

Koronabirusak sasoi betean harrapatu zintuen, Hegoafrikako Ironmana lehiatzeko prest zeundela. Kolpe handia da.
Bai. Egindako lan guztia pikutara joan zen. Peñiscolan gelditzea erabaki genuen eta sasoian nengoen arren ez zuen zentzurik maila horri eustea. Beraz, deskantsatzea eta erritmoa jaistea egokitu zitzaidan, entrenamendu karga arintzea. Lasai gaude hemen, ez dago jende askorik. Gauden egoeran plus bat da hori, baina kirolari profesional lez sasoiari eutsi behar diogu, eta egoera honetan ez da erraza. Entrenamendu mota bat diseinatzen joan gara, ahal den neurrian. 

Zelan entrenatu zara?
Arrabola dut etxean, kirolariok behar dugun gaitasuna lantzeko. Korridorean arineketan ere ibili naiz, kalera irtetean ahalik eta ondoen egoteko. Goma elastikoak ere erabili ditut, igeriketako mugimenduak egiteko eta muskulatura lantzeko.

Kirolariek kalean entrenatzeko aukera duzue orain. Eskertuko zenuen.
Bai, egindakoari forma eman ahal izateko; batez ere, igeriketari dagokionez. Gainera, gertu dut itsasoa; hemen gelditzeko beste arrazoi bat da, igerilekuak itxita daudela jakinda. Entrenamendua epe luzera bideratu dut, urte amaieran lehiatzeko aukera izango den itxaropenagaz.

Zelan sentitu duzu gorputza kalean aritu zaren lehenengo egun hauetan?
Etxean lez, eboluzio bat izan da: apurka-apurka ibili naiz, saio bat eginez goizean eta beste bat arratsaldean. Kirola horretan datza, bilakaera bat egin behar da. Ez dira oso saio gogorrak, baina ondo sentitzen naiz entrenatzen. Asko igarri dut ez dudala igeri egin. Kilometro bi eta erdi egiten ditut igeri, 30-40 minutuan, eta leher eginda heltzen naiz. Inoiz ere ez naiz egon hainbeste denbora ura ukitu barik. Lan handia dago egiteko.

Zelan antolatzen zara?
Hiru kirolak egiten ahalegintzen naiz, denerik apur bat, geroago eta bolumen gehiago sartuta. Batez ere, bizikletan, horrek ematen duelako aukerarik gehien. Denboraldi -aurre batean lez jarduten dut. Eboluzio bat egin behar da; gainera, ez dago lehiaketarik. Aurretik, egunean  lautik zazpira ordu entrenatzen nintzen. Orain, bitik hirura. Saio asko egiten ditut. Bizikletan gehiago egiten ditut, hiruzpalau. Tartekatu egiten ditut saioak, egunaren arabera. Ekin beharra dago, gorputza entrenatuta egon dadin. Urtero, denboraldi bakoitzean prest egoteko entrenatzen gara, eta egindako lan hori guztia oso arin galdu daiteke, aste gutxitan. Lehiatzeko data bat ipini ezean gatx da entrenamendua bideratzea. 

Izan duzu arazorik entrenatzeko?
Lehenengo egunean, udaltzainek, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak gelditu ninduten. Ez zituzten arau berriak ezagutzen; nire datuak eman eta ez zen ezer gertatu. Gerora, gelditu nautenean baimena erakutsi eta ez dut arazorik izan. Auzokoekin ere ez, lehenengo egunetan batzuek susmo txarra hartu arren.

Zelan egin diozu aurre entrenamenduan hasteko nagitasunari?
Etapa desberdinak bizi izan ditut. Lehenengo egunak oso txarto pasatu nituen. Pentsa, gogor entrenatu eta gero oso indartsu nengoen, gorenean, eta bat-batean ezin ezer egin. Nekea itzela da, sentsazio txarrak dituzu... Dena dela, birsortzeko aprobetxatu dut. Kirol apur bat eginda hobeto sentitzen joan naiz, nonbaitetik motibazioa ateratzen ahalegindu naiz, nahiz eta eszenatoki beltza irudikatu, lasterketarik barik zailtasunak sortu daitezke-eta babesletzari dagokionez. Dena dela, izan behar zuen horretan pentsatzen duzu. Inoiz ere ez naiz hainbeste denboran geldirik egon, baina, tira, osasuntsu egoteaz gozatzen ari naiz, bikotekideagaz... Ondo gaude, lasai, kirola eginez, eta pentsamendu hori izatea komeni da.

Urte amaieran lehiatu ahal izateko itxaropena duzu.
Nire ibilbideko sasoirik onenean amaitu nuen urtea abenduan, eta martxoan berriro sasoirik onenean nengoen. Horretan pentsatu gura dut. Bueltatuko da normaltasuna, 'normaltasun berria'. Urte amaieran edo 2021eko hasieran lehiatu ahal izateko itxaropena dut.

Konako munduko txapelketa urrian da egitekoa. Zelan ikusten duzu?
Sailkapen lasterketa guztiak bertan behera gelditu dira. Datak atzeratzeaz berba egin dute; sailkapen lasterketak urritik abendura egitea, eta Konako lasterketa, otsailean. Baina oso konplexua da, ez dutelako utziko herrialde batetik bestera joaten. Gainera, baliteke urte amaieran birusa berriro agertzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!