“Banatzaile batek esan dit bera Gabonetan baino gehiago banatzen dabilela”

Maialen Zuazubiskar 2020ko mai. 10a, 10:00

Koronabirusak eragindako krisialdi hau hasi zenean, Espainiako Gobernuak funtsezkotzat jo zituen hainbat lanbide, eta banatzaileena izan zen horietariko bat. Ordutik hona, banaketako beharginak gelditu barik dabiltza beharrean. Eneko Abasolo iurretarra da horietariko bat.   

Zelan bizi ditu egun hauek banaketako langile batek?
Arraro, oso arraro. Hasieran oinarrizko gauzak baino ez genituela banatuko uste genuen; hau da, beharrezko gauzak bakarrik. Baina gero konturatu gara beharrezkoak ez diren hainbat gauza ere bagabiltzala banatzen. Gainera, jendea eskari pila egiten dabil eta ez genuen hori itxaroten.

Normalean baino eskari gehiago dituzue?
Bai, eta, batez ere, Aste Santu osteko astean. Egun horietan eskari mordoa izan genituen. Izugarri igarri genuen Aste Santuko bost egun horietan jendea etxean egon zela. Beste banatzaile batzuekin berba egiten egon naiz, eta orokorrean eskariak asko gehitu zaizkigula ikusi dugu. Batek esan dit bera Gabonetan baino gehiago banatzen dabilela.

Guk enpresekin lan egiten dugu gehienbat, eta, egia esan, enpresak itxita egon ziren hamabost egun horietan jaitsi egin zitzaigun enpresetako lana, baina partikularrena asko igo zitzaigun.

Zelako baldintzatan zabiltzate beharrean?
Ni ez nago kexatzeko moduan. Guk lehenengo egunetik izan ditugu maskarak eta eskularruak, eta enpresan ere lehenengo egunetik betetzen ditugu segurtasun neurriak. Lantokira binaka sartzen gara eta gure artean beharrezkoak diren distantziak uzten ditugu.

Eta etxerik etxe zabiltzatenean?
Hau guzti hau hasi zenean, etxeetara ez igotzea erabaki genuen, eta atariraino baino ez gara joaten. Jendea atarira bajatzen da paketearen bila, eta, bestela, igogailuan bidaltzen dugu. Horrez gainera, paketea jasotzean eskuz ordaintzeko aukera zegoen lehen, baina hori kentzea eskatu genuen eta kasu egin digute.

Zer da konfinamendu honetan gehien banatu duzuena?
Pintura pila bat banatu ditut, eta liburuak ere asko. Badirudi mundu guztia etxea pintatzen dabilela. Bestalde, farmazietarako ere hainbat produktu banatu ditugu, farmaziekin lan egiten dugu eta. 

Baduzu anekdotarik kontatzeko?
Behin, banaketan nenbilela, txirrina jo eta bere paketea ekartzera nentorrela esan nion emakume bati. Errieta egin zidan, ea zer dela-eta eraman nion paketea. Erosi egin zuelako erantzun nion, eta neure lana egiten baino ez nenbilela, paketea banatzen. Ez zuen paketea jaso gura izan, eta, azkenean, itzuli egin behar izan nuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!