Iurretako gazteei dituzten premiez galdetu diete, euskarazko aisialdia garatu ahal izateko

Aitziber Basauri 2020ko api. 30a, 13:31

Herriko gazteen aisialdi ohiturak zeintzuk diren ezagutzeko galdetegi bat prestatu du Iurretako Udalak. Aisialdiagaz lotuta, gazteek dituzten beharrak jaso eta aztertu gura dituzte, hortik abiatutako askotariko ekintzak garatzeko, Euskararen Plan Estrategiko berrian. Maiatzaren 11ra bitartean osatu dezakete galdetegia 12 urtetik gorako Iurretako gazteek.

Euskararen Plan Estrategiko berria diseinatzen ari dira Iurretan eta horren barruan prestatu dute galdetegia. "Herriko gazte gehienak euskaraz eskolaratuta daude. Baina, hor daude aisialdi denbora, beraien artean harremantzeko moduak, sare-sozialak... ere bai. Guzti horren argazki bat atera gura dugu eta irudi horretatik abiatuta ekintza zehatzak landu", azaldu du Zorione Fundazuri alkateordeak.

Emaitzak jaso eta aztertu ondoren, ekintzak garatzeko aukerak eta moduak aztertuko dituzte. "Gaztelekurako edota sanmigeleterako ekintzak prestatzekoak ginen, baina, momentu honetan dena dago kolokan. Data guztiak berpentsatu beharko ditugu", gogoratu du Fundazurik. Koronabirusaren krisiaren eraginez, modu birtualean dihardue antolatzeko ekintzak Gaztelekuan, adibidez.  Aholku Batzordea batzartzeko aukerak ere aztertuko beharko dituzte.

Euskararen erabilera indartzeko neurriak

Euskararen Plan Estrategikoak euskararen erabilera eta presentzia indartzeko neurriak batzen ditu. Udalaren jardunari dagokionez, agiriekin eta lan taldeagaz lotutako neurriak jasotzen ditu. Era berean, herriko elkarteetan eta iurretarren artean euskararen erabilera indartzeko hainbat lan esparru batzen ditu. "Aurretik, ume eta gazteak, eta, kirola hartu ditugu lan ildo moduan. Entrenaitzaile eta gazteen artean erabiltzeko oinarrizko hiztegi bat landu genuen; gurasoentzako ere erabilgarri izan gura zuena", zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez. Oraingoan, gazteen aisialdiari erreparatu gura izan diote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!