Iurretako historia zabalduko dute ipuinen bitartez

Aitziber Basauri 2020ko api. 14a, 18:09

Iurretak Durangotik banandu eta  herri izaera berreskuratu zuela  30 urte bete dira, aurten. Hori ospatzeko herriaren historia batuko duen unitate didaktikoa osatzeko proiektuan murgildu dira Eñaut Aiartzaguenak eta Jon Irazabal iurretarrak. Iurretako Udalak herri bibliotekaga bultzatutako ekimena da, Maiztegi herri eskolagaz batera. Bibliotekak Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleentzat duen Iurreta ezagutu ekintzari jarraipena eman nahi dio.

Jon Irazabalek Gerediaga elkartean lan egindako urteetan bildutako informazioan oinarrituta sortutako ipuinak argitaratuko dituzte. Arlo artistikoaz arduratuko da Eñaut Aiartzaguena, eta berak azaldu duenez, herritaren proposamen eta ekarpenak batzeko prest daude. "Iurretako historia denon artean idazten dugulako egunez egunez", argitu du. Handien itzalean argia izeneko proiektu honetara bere ekarpena egin gura duenak galdetegi bat betetzea baino ez dauka. 

Jone eta Aritz neba-arreba iurretarrak dira ipuin hauetako protagonista. Konfinamendu garai honetan, bi neba-arrebek denboran zehar bidaiatuko dute, beraien herria hobeto ezagutu guran. "Abenturaz eta ezustezkoz betetako bidaia " izango dute Aiartzaguenaren esanetan. Lehenengo atala kalean dago dagoeneko: Hiru erreka. Audioa ere badago entzungai.

Astelehenetik  ostegunera argitaratuko dituzte ipuinak,  11:00etan.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!