Iurretako dantzariak: "Miren, eskerrik asko eman diguzun guztiagatik. Beti izango zaitugu gogoan"

Anboto 2020ko mar. 15a, 14:09

Miren Bikandi Iurretako dantzaria hil zen atzo, 87 urte zituela. Azken Urrijenan omenaldia egin zioten erregelak berreskuratzen egindako lana aitortuz.

Miren Bikandiren aita, Juan Bikandi, dantzari maisua izan zen. Miren gaztea zela, Juanek semea eta beste mutiko batzuk trebatzen zituen etxean. Miren dantzazale amorratua izanik, adi-adi jarraitzen zien entsegu guztiei. Eta mutilen bat falta zenean, haren lekua hartzen zuen, taldea osatzeko. Hala ere, sasoi hartan imajinatu ere ez zuen egiten emakume batek talde parekidean praka zuriekin plazara irten zezakeenik. 

Urte batzuk geroago, Juan dantzari maisua gurpildun aulkian zegoela, sasoi hartako dantzari gazteek erregelak irakasteko eskatu zioten. Aitak zailtasunak zituen irakasteko, eta Mireni deitu zion. Dantza taldeak Mirenen bitartez berreskuratu zituen erregeletako pausoak.

Miren Bikandi 'Jantzari' dokumentalaren protagonistetako bat da bere lana ezinbestekoa izan baitzen behinolako aurresku-atzeskuaren pausoak berreskuratzeko. Merezitako errekonozimendua jaso zuen azken Urrijenan. Bere aitak trebatutako taldeagaz batera omenaldia jaso zuen. “Dagoen lekuan dagoela aurreskuaren lehenengo notak xuxurlatzen imajinatzen dut Miren”, azaldu du Jone Guenetxea dokumentalaren zuzendariak. “Inoiz plazara irten bako emakumea izan arren, Iurretako dantzei ekarpen handia egin zien. Dantzaren memoriak ahaztu ezin duen emakumea da”, gaineratu du. "Miren, eskerrik asko eman diguzun guztiagatik. Beti izango zaitugu gogoan", azaldu dute Iurretako dantzariek.

 

Miren Bikandi pertsona ezaguna eta maitatua izan da Iurretan. 28 urtetan Maiztegi eta Orobiogoitia ikastetxeetako atezaina izan zen. Jubilatzerakoan hango ikasleek omenaldia egin zioten. 

Eneko Abasolo Iurretako dantzariak eta Maiztegiko ikasle ohiak testu hau idatzi du Miren gogoratuz:

Miren, betiko juen zarela bota dau abisue udaletxe aurreko jantzarijjek negarranpulu bat begijjen dekola. Plazie hutsik dauen momentu honetan, gehijjau notetan da zure hutsunie.

Ume giñela ezagutu zinttugun eskolan, maiztegi eskolako atezaine ziñen, beste gauza askon artien, biher gañuen ama bat, irakasle bizitzako irakaspenen aurrien ta baitte bronka itzelak botaten euskune be, merezidute ganera.

Gerora, jantzan hasi giñenien, han egoten ziñen beti, elizpeko barandillan ez bazan plaza inguruko kofradijjetako bankuetan jarritte, jantzak ikusten, irribarre haundi bategaz, pozik.Gure aurrekuek argi esan euskuen hasieratik, Mireni sokara dantzan urtetako eskatu sanmigeletan, orduen, arrazoie zein zan ez genkijjen ta zu, zu beti prest eta pozik urtetako.

Denpora batera jabetu giñen zu ziñenaz. Umetatik jantzie maitte eban pertsonie, zure aitte, jantzari maisue zanez gaztiek zuen etxera jueten zien jantzan ikesten ta zu erdi ezkutuen jantzak ikesten ta ikusten ibiltten ziñen, gerora nonor falta ezkero zuk ensaietan zañun eurekin.Ta hori bakarrik ez, zure aittegana Ijorretako gaztiek jantzak berreskuratu guran juen zienien ta aitte elbarri eunez, zuk erakutsi zeuntsiesan pausuek.

Gure herrijjen jantziek bizirik jarraitzeko kate begi ezinbesteko bat izen zara Miren beste gauza askon artien. Zoritxarrez, betiko lez, ez dot uste bizi ziñela nahikue eskertu jatzunik ezkutuen einddeko biher hori.

Zorionez , jantzie bizirik dau Ijorretan ta holantxik izeten jarraitzeko ahalegiñek einguz ta dabez, zure moduen ezkutuko lana ein dabienak azalerazten ta eskertzen.

Beste barik, zauzen lekuen, badakigu, irribarre bataz egongo zarela oingo jantzarijjen puntapijjo ta grabilletiek ikusten.

Amaitzeko Miren, nire azken omenaldijje zuretzako

 

                     NAHIZ TA JANTZARI JANTZITE IÑOZ

                      EZ ZIÑEN URTEN PLAZARA

                       SIENPREBIBIEN MODUEN GURE

                       JANTZETAN BIZIKO ZARA

                    

ENEKO ABASOLO TXABARRI

Ijorretako jantzarijje

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!