“Oso gustura nago kideekin eta klubagaz. Izarrara heldu naizenetik, partidu guztiak jokatu ditut”

Joseba Derteano 2020ko mar. 14a, 10:00

Markel Areitio Cedrun bederatzi urtegaz Lezaman sartu eta hantxe zaildu zen atezain lez, gazte mailara arte. Ondoren, Durangoko Kulturalean urtebete eman eta gero, Eibarrera jo zuen eta haren filiala den Vitoria taldeagaz ibili zen. Debuta ere egin zuen Eibarren talde nagusiagaz. Iazko udan, bere ibilbidean lehenengoz, talderik barik geratu zen. Une zail hori gaindituta, etapa berri bati ekin dio Lizarrako Izarra klubean, Bigarren B Mailan.

Iazko uda gogorra izan zen zuretzat.
Bai. Iazko udan, Eibarretik irten eta gero, talderik barik geratu nintzen. Sasoiari eusteko, Durangoko Kulturalagaz entrenatu nintzen. Fitxaketen merkatuko lehenengo egunean Izarra taldeko presidenteak deitu, eta ekainera arte klubera batzea eskaini zidan. Segituan heldu ginen akordio batera. Nahiko arin gertatu zen dena. Egun batetik besterako kontua izan zen.

Unerik zailenetan ikasten da gehien?
Talderik barik egon nintzen momentu hori oso gogorra izan zen niretzat, batez ere psikologikoki. Aste barruan Durangoko Kulturalagaz entrenatzen nintzen arren, asteburuan partidurik ez badago ez daukazu motibazio edo ilusiorik. Aste barruko entrenamenduak asteburukoa ahalik eta ondoen prestatzeko izaten dira, baina hori falta denean… Baina, tira, zuk diozun moduan, horrelako egoerak ikasteko dira eta esperientzia horretatik lehen baino indartsuago irten dudala uste dut.

Zelan doa denboraldia Izarra taldeagaz?
Egia esanda, oso gustura nago, bai kideekin, bai klubagaz. Hara heldu, entrenamendu bat egin eta hurrengo egunean jokatzen hasi nintzen. Heldu naizenetik, partidu guztiak jokatu ditut.

Zelako garrantzia du konfiantzak jokalari baten errendimenduan?
Handia. Lehenengo eta behin, argi dago norberak irabazi behar duela besteen konfiantza hori. Azkenean, jokalari batek jokatu egin gura du eta ez dago jokatzearen parekorik norbere buruan konfiantza lortzeko.

Taldea bera, Izarra, sufritzen dabil Bigarren B Mailan. Jaitsiera postuan zaudete orain. Itxaroten zenuten egoera da?
Izarra klub xumea da. Aurrekontuari begiratuz gero, urrun dago beste talde askorengandik, baina dena ez da dirua. Beste faktore batzuk ere badaude. Gure indarguneetariko bat taldeko giro ona da, eta hori gakoa izan daiteke mailari eusteko borrokan.

Azken txanpan erabakiko da dena.
Bigarren B Mailako gure multzoa oso parekatua da. Hamar talde sei punturen barruan gaude behealdean, eta oraindino 30 puntu geratzen dira jokoan. Beraz, hemen azkenera arte gauza asko gertatu daitezke.

Orain asteburu bi Cultural Leonesa taldearen zelaira egindako bisitan, sekulako geldiketak egin zenituen eta klubak zure lana goraipatu zuen sare sozialetan. Egun inspiratua izan zenuen.
Atezain batek lan asko izatea ez da sintoma ona izaten normalean, baina horretarako gaude, taldeak behar gaituenean laguntzeko. Nire lanagaz gustura nago, bai. Gainera, taldeak puntu bat batzeko balio izan zuten geldiketek. Leon goiko postuetan dabil [sailkapeneko bigarrena da] eta ez da erraza zelai hartan puntuak batzea.

Zelakoa da bizimodua Lizarran, halako herri txiki batean?
Lasaia. Beste lagun bigaz bizi naiz. Orain arte Magisteritza ikasketak amaitzen ibili naiz. Arratsaldeetan lanpetuta ibili naiz. Orain, ikasketak amaituta, denbora gehiago izango dut.

Lezaman urte dezente eman zenituen eta bertatik bertara ezagutzen duzu atezainekin egiten duten lana. Kepa Arrizabalaga Chelsean dabil, Unai Simon maila handia ematen ari da Athleticen. Zein da sekretua? Lezaman asko lantzen dute atezainen teknika, txiki-txikitatik, eta oso entrenatzaile onak daude. Hala ere, azken urteetako uzta harrigarria da: Kepa Arrizabalaga, Unai Simon… Begira Aitor Fernandez ere, Lezamatik irtenda, oso ondo dabil orain Levanten. Lezaman urte asko daramatzate goi mailako atezainak ateratzen, eta hori ez da kasualitatea. Ondo egindako lanaren isla dira.

Karmelo Cedrun, Athleticeko atezain ohi mitikoa, zure aitonaren anaia da eta haren seme Andoni Cedrun ere atezain handia izan zen. Etxetik datorkizu afizioa?
Txikitatik jakin dut nortzuk ziren. Hori bai, atezain izateko afizioa norberak izan behar du eta niri betidanik gustatu zait. Karmelok beti esan izan dit gogor entrenatzeko eta borroka egiteko gura nuen hori lortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!