Urtebeteko lanaren ondoren, 'Jantzari: tradizioa eta parekidetasuna' dokumentala aurkeztuko dute datorren astean, Iurretan eta Durangon. Ibarretxe kultur etxean izango da lehenengo emanaldia, martxoaren 24an, 19:00etan. Emanaldi honetara parte-hartzaile batzuk eta proiektua babestu duten elkarte, eragile eta instituzioak gonbidatu dituzte. Emanaldi zabala, ostera, martxoaren 26an izango da, Zugaza zineman, 18:00etan eta 19:30ean. Sarrerak ANBOTOren bulegoan jaso daitezke (Bixente Kapanaga, 9 Iurreta).
30 elkarrizketatik gora
Iurretako Dantza Taldeak, Bideografik Ekoiztetxeak eta ANBOTOk elkarlanean ondutako proiektuak tradizioa eta parekidetasuna ditu ardatz. Dantza tradizionalean azken urteetan genero ikuspuntutik emandako aurrerapausoen inguruko gogoeta egiteaz gainera, tradizioan gertatzen diren aldaketen ingurukoa ere bada dokumentala.
Dantzari Dantza oinarri hartuta, hainbat belaunalditako dantzariek talde parekidea sortzeko bidean izan dituzten sentipenak batu dituzte Iurretako dantzariek. Era berean, gaur egungo talde parekidearen ikuspuntua ere landuko dute.
Iurretako dantzariez gainera, Euskal Herrian dantza munduan diharduten hainbat pertsonaren gogoetak ere jaso dituzte. Besteak beste, Kukai taldeko Nerea Vesgak, Duguna taldeko Aritz Ibañezek eta Oier Araolazak parte hartu dute.
Bestalde, Durangaldeko beste herri batzuetan dantza tradizionalean berdintasunaren bidean egin duten ibilbidea ere errepasatuko dute. Abadiñoko, Berrizko eta Garaiko taldeetako kideekin borobildu dute dokumentala.
Miren Bikandi aitzindaria
Dokumentaleko irudien artean, joan zen urteko Urrijenako irudiak agertzen dira. Bost urterik behin, Iurretako belaunaldi guztietako dantzariek plazara irtetzen dute. Iazko edizioan, Miren Bikandi dantzariari omenaldia egin zioten. "Dantzari Dantza plazara dantzatzera sekula irten ez duen dantzariari merezitako omenaldia egin zioten", dio Jone Guenetxea dokumentaleko zuzendariak. "Mirenek merezitako aitortza jaso zuen eta dokumentalean ere paper garrantzitsua du. Berak kontatutako pasarteekin errekreazioak egin ditugu", gaineratu du Guenetxeak. Miren Bikandiren aita, Juan Bikandi, dantzari maisua izan zen. Miren gaztea zela, Juanek semea eta beste mutiko batzuk trebatzen zituen etxean. Miren dantzazale amorratua izanik, adi-adi jarraitzen zien entsegu guztiei. Eta mutilen bat falta zenean, haren lekua hartzen zuen, taldea osatzeko. Hala ere, sasoi hartan imajinatu ere ez zuen egiten emakume batek talde parekidean praka zuriekin plazara irten zezakeenik.
Urte batzuk geroago, Juan dantzari maisua gurpildun aulkian zegoela, sasoi hartako dantzari gazteek erregelak irakasteko eskatu zioten. Aitak zailtasunak zituen irakasteko, eta Mireni deitu zion. Dantza taldeak Mirenen bitartez berreskuratu zituen erregeletako pausoak.
JANTZARI - Teaser from bideografik on Vimeo.